Arte udalekuetan parte hartzeko izen-ematea ireki da gaur

2019/03/12
Interesa duten gaztetxoek Gaztelekuan eman behar dute izena

  LH3. mailatik DBH4. mailako ikasleei zuzendutako aisialdi eskaintza da arte udalekuena. Izenak adierazten duen bezala, arte plastiko diziplina ezberdinak lantzen dira: marrazkigintza, eskultura, margogintza eta abar. Tailerrean egiten den lana gainera, museoetarako irteerekin osatzen da, artisten lanak bertatik bertara ikusteko aukera eskainiz. Uztailaren 1etik 26ra izango dira aurten arte udalekuak, 10:00tatik 13:00era, Bidebarrieta kalean dauden eskulanetarako udal lokaletan.

  Plazak mugatuak dira eta gehienez 15 gaztek parte hartu ahal izango dute aurtengo arte udalekuetan. Interesa dutenek Gaztelekuan eman behar dute izena. Orain, izena soilik eman behar da eta ondoren, onartutakoei abisatuko baitzaie dirua non eta noiz sartu behar duten jakinaraziz.

  Matrikula prezioa pitin bat jaso da iazkoarekin konparatuta. Udaleku irekietako tarifekin bat dator eta kasu honetan ere, familia bereko partaide kopuruaren arabera merkatzen joango da: lehenengo seme-alabak 71,05 € ordaindu beharko ditu, bigarrenak 60,90 €, hirugarrenak, 50,75 € eta laugarrenetik aurrera ez du ordainduko.

  Arte udalekuetan izena emateko epea martxoaren 22ra  arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia