Gaur ireki da 2016-2017 ikasturterako eta derrigorrezko hezkuntza maila ezberdinetan aurre-matrikula egiteko epea.

2016/01/25
Izen ematea, otsailaren 5era arte luzatuko da.

Orokorrean, aurre-matrikula egiteko deialdi honek, 2 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoei dagokie baina bereziki, datorren ikasturtean eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoei zuzenduta dago, besteek, normalean, ikasten duten zentroan edo gutxienez, ikasketa ereduan jarraituko baitute. 2014an jaiotako 133 haurrak dira beraz, nagusiki, bi asteotan zehar herriko ikastetxeetan matrikulatuko direnak.

Herriko ikastetxeetan, bereziki ikasle berri horien gurasoei zuzenduta, aurkezpen ekitaldiak eta instalazioak ezagutzeko bisitaldiak egin dira. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ereduaz, baliabideez eta zerbitzu osagarriez informazioa ematearren, matrikula epeak zabalik dirauen bitartean hala eskatzen duten gurasoekin bilera pertsonalizatuak ere egingo  dira.

Herriko haur eta lehen hezkuntzako hiru ikastetxeetan gainera, ate ireki jardunak egin dituzte ostiral, larunbat eta igandean. Aurten, azken bi urteetan bezala, haur, lehen eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan aurre matrikula betetzeko tramitazio guztia internet bidez egin daiteke. Izan ere, derrigorrezko bigarren hezkuntzan ere matrikula egiteko epea ireki baita gaur.

Maila honetan ez da aldaketa handirik izaten. Ikastetxe-egoitza aldatu arren, gehienetan, ikasitako ereduan eta hezkuntza bidean jarraitzen da. Dena den, maila honetan ere ate ireki jardunak egin ohi dira. Zuazola institutuan, esaterako, bihar izango da arratsaldeko 6etatik aurrera.

Gogoratu, gaur hasi eta otsailaren 5era arte, 2016-2017 ikasturterako aurre matrikula epea zabalik dagoela derrigorrezko hezkuntza maila guztietan.

Iturria: Oñati irratia