Gaur hasi dira 90 eta 100 urte bitarteko herritarrak txertatzen anbulatorioan

2021/03/03
Card image cap
Udaltzainak berriz, atzo eta gaur artean txertatuko dituzte Arrasateko ospitalean

  Covid-ari aurre egiteko txertaketak aurrera darrai gurean ere. San Martin egoitzako nahiz komunitate erlijiosoetako nagusiak txertatu ondoren, osasun arloko langileen txertaketa etorri zen eta gaur berriz, 90 eta 100 urte artekoak txertatzen hasi dira anbulatorioan. Horretarako, aurrez, adin tarte horretako herritarren egoera zehaztea eskatu zitzaien osasun etxeko erizainei, eta bakoitzak duen gaixo kupoa errebisatuta, etxean bizi eta anbulatoriora joateko moduan ote dauden edo mugikortasun arazo handiak dituztenak identifikatu zituzten. Lehen sailkapen horren arabera hasi ziren telefonoz deitu eta txertatzeko txandak ematen Osakidetzako zentraletik. Oñatin, gaur, bihar eta etzirako zerrendak eta txertoak noski, gertu dituztela jakinarazi digute goizean anbulatoriotik bertatik.

  Oraingoz, herrian txertatuko diren 90 eta 100 urte bitarteko horiek osasun etxean txertatuko dituzte. Mugikortasun arazo handia dutenen kasuan txertaketa nola egin zehazteko dago oraindik. Kezka handiena Pfizer txertoaren dosiak aterata garraiorako zuten zailtasuna zen, baina 6 orduz ondo mantentzen direla jakinarazi dute farmazia enpresako arduradunek eta horrek etxez etxekako balizko txertaketa planifikatzeko erraztasunak emango ditu. Baina oraingoz ez da jakinarazi halakorik noiz eta nola egingo den.

  Eta San Martingo Eguneko zentroan Diputazioak hartan jarri dituen erizainak noiz etorriko zain daude zerbitzuaren erabiltzaileak txertatzeko. Gipuzkoako Eguneko zentroetako erabiltzaile eta langileak txandaka txertatzen ari dira eta Oñatira noiz iritsiko diren oraindik ez da jakinarazi. 

  Herriko udaltzainak berriz, Arrasateko ospitalean txertatzen hasi ziren atzo. Aurrez, txertoa hartzeko prest leudeken udaltzainen datuak jakinarazi zituen udalak eta horren arabera atzo eta gaur arratsaldeko 16.00tatik aurrerako txandak banatu zitzaizkien. Lehenak atzo txertatu ziren eta azkenek gaur jasoko dute txertoaren lehen dosia. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!