Gaur hasi da udaleku irekietan eta arte udalekuetan parte hartzeko izen-ematea

2020/03/09
Izena on-line ere eman liteke udaleko web atariaren bitartez, lehen aldiz

  Horixe da udaleku ireki eta arte udalekuetarako izen-emateak ekarri duen berrikuntza nagusia. Lehen urratsa, orain artean bezala, ordainketa egitea da, eta horren ziurtagiriarekin eta haur edo gaztetxoaren izen-emate orria guztiz beteta entregatu beharko da; goizez, 7:30tatik 15:30tara bitartean, udaletxeko HAZ zerbitzura eramanda, edo arratsaldez, Ludotekara, udaleku irekietarako bada, Gaztelekura, arte udalekuetarako bada. Batzuetarako zein besteetarako www.onati.eus atariaren bidez ere dokumentazioa aurkeztu daiteke, baina beti ere, martxoaren 20rako. Behin epea beteta ez baita izen-ematerik onartuko.

  Udaleku irekietan  4 eta 12 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute, hau da, 2008tik 2016ra bitartean jaiotako neska-mutikoek. Eta arte udalekuetan LH3tik DBH4ra bitartekoek. Matrikulari dagokionean zentimo batzuk jaso dira aurten prezioak, hala, 71,53 euro da matrikula prezio orokorra baina seme-alaba batek baino gehiagok parte hartzen badu, matrikula prezioa merkatuz doa, hala bigarrenaren matrikula 61,31 € da, hirugarrenarena 51,09 € eta laugarrenetik aurrera doan. Udaleku irekiak hasi aurretik zaintza zerbitzua ere eskainiko da, aurten gainera, 8:00tatik 10:00ak arte. Ordutegi hau ordu laurdenez aurreratu da, gurasoek hala eskatuta.

  Ikastetxeen bitartez banatu diren udaleku irekietarako izen-emate orrietan argazkiak argitaratzeko, haurrak etxera bakarrik joateko eta kotxe pribatuetan garraiatu ahal izateko baimen emateak ere agertzen dira, gurasoek bete ditzaten.

  Arte udalekuetan, izenak adierazten duen bezala, arte plastiko diziplina ezberdinak lantzen dira: marrazkigintza, eskultura, margogintza eta abar. Tailerrean egiten den lana gainera, museoetarako irteerekin osatzen da, artisten lanak bertatik bertara ikusteko aukera eskainiz. Arte udalekuak Eltzian egingo dira eta udaleku irekien antzera, ekainaren 29an hasi eta uztailaren 24ra izango dira, 10:00tatik 13:00era.

Iturria: Oñati Irratia