Gaur amaitzen da udalak kaleratu duen lan eskaintzan parte hartzeko izen emate epea.

2013/10/17
Dagoeneko 58 eskaera jaso dira gutxienez bost hilabetez kontratatuko diren lau pioi lanpostuetarako. Udalak, pioi lanetan jardungo duten herriko lau langabetu kontratatuko ditu.

  Hautaketa prozesura aurkeztu ahal izateko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: 18 urte izatea, Oñatin erroldatuta egotea eta une honetan enplegurik gabe eta Arrasateko Lanbide bulegoan izena emanda izatea.

  Eskaera egiterakoan baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira. Hau da, nortasun agiriaren fotokopia eta enplegu eskaeraren txartelaren fotokopia. Horrezaz gain beste agiri batzuk ere aurkeztu behar dira: duen titulazio akademikoa eta prestakuntzaren froga agiriak barne dituen kurrikuluma, gizarte segurantzako bizitza laboralaren egiaztagiria, desenplegu prestazioa edo gizarte laguntzen bat jasotzen badu horien agiriak eta familia liburuaren fotokopia.

  Agiri guzti horiek kontutan hartuko dira eskatzaileen egoera sozio ekonomikoa, lanerako egokitasuna eta lan eskarmentua baloratzeko orduan. Euskara ezagutza ere baloratuko da baina hori, baldintzak bete eta hautaketa prozesurako onartu diren lagunei egingo zaien banakako elkarrizketan neurtuko da. Elkarrizketa horietan, lanpostuen eskakizun profesional eta pertsonalak betetzen dituzten baloratuko da.

  Oñatin erroldatuta daraman denbora, langabezian daraman denbora eta prestaziorik kobratzen ez badu, egoera horretan daraman denbora bereziki puntuatuko dira. Baita dituen familia kargak ere. Emakume izatea kontutan hartuko da eta euskararen ezagutza, lanerako duen gaitasuna eta antzeko lanetan duen eskarmentua puntuatuko dira, elkarrizketarekin batera. Hala, puntuaziorik altuena lortzen duten lau hautagaiak izango dira pioi lanetarako kontratatuko direnak.

  Azaroaren 15erako jada lanean egongo diren lau  pioi hauei lan jardun osoko kontratua egingo zaie eta gutxienez bost hilabetetarako.

  Dagoeneko 58 lagun dira lanpostu hauetarako eskaera beteta udal bulegoetan entregatu dutenak. Epea dena den, eguerdiko ordubietan amaitzen da beraz, oraindik eskaera gehiago jaso daitezke. Posta bidez ere iritsi daitezke.
Berehalakoan hasiko dira eskaera horiek errebisatzen, onartu eta baztertuen zerrenda datorren aste hasierarako jada kaleratu nahi baita. Behin-behinekoa izango den zerrenda horrekiko alegazioetarako 3 egun izango dira. Jasotako datuak egiaztatu eta lanerako egokitasuna baloratzeko elkarrizketak, urria amaiera bitartean egingo dira. Lau pioiak, azaroaren 15erako lanean egon beharko baitute. Hori da, foru Aldundiak emango duen diru-laguntza eskuratzeko bete beharreko baldintzetako bat.

Iturria: Oñati irratia