Gaur amaitzen da udalak antolatutako udaleku irekietan begirale izateko izen emate epea.

2014/04/16
Gaur goizean, 50 lagunen eskaerak zeuden udal bulegoetan

  Lanean hasterako, 18 urte beteta izatea, euskaraz ondo moldatzea eta eskola graduatua izatea dira bete beharreko oinarrizko baldintzak. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. EGA edo pareko titulua izatea ere kontutan hartuko da.

  Puntuagarri diren meritu eta titulu guzti horien egiaztagiriak izena ematerakoan aurkeztu behar dira, eskaera orria eta nortasun agiriaren kopiarekin batera. Eskaerak, udal bulegoetara eraman behar dira. Bulego hauek, ordubete eskax barru, ordu bietan itxiko dira eta ordu horretan bertan amaituko da begirale izateko izen emate epea ere. Goizean zehar zenbat eskaera jaso diren ez dakigu baina lehen orduan, 50 ziren izena emana zuten gazteak.

  Datorren astean jada jasotako eskaera guztiak puntuatuko dira aurrez jada zehaztuta dagoen baremazioaren arabera. Berdinketa dagoen kasuetan, lehentasuna ezartzeko, honako irizpideak hartuko dira kontutan hurrenez hurren: oñatiarra izatea, egiaztatutako lan esperientzia, begirale titulua izatea, EGA edo baliokidea den agiria izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikasketak.

  Puntuazio horren arabera, begirale izateko izena eman dutenen zerrenda kaleratuko da. Kontratua, puntuaziorik altuena lortu dutenei egingo zaie, beti ere beharraren arabera. Hau da, udalekuetan parte hartzeko izena eman duten neska mutikoen kopuruaren arabera.

  Izena ematen dutenek kontu egin beharko dute, begirale izateko formazio saioetara joan beharko dutela. Aurten bi prestakuntza saio egingo dira:  maiatzaren  24an eta ekainaren 27an.

  Udalak, berriz, hautatutakoei, hilabeteko lan kontratua egingo die, ekainaren 30etik uztailaren 30era.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!