Gaur amaitzen da udalak aldi baterako kontratatuko dituen bost pioi lanpostuetara aurkezteko epea

2019/09/10
Eskaintza Oñatin erroldatutako langabeei zuzenduta dago

  Udal brigadarako hiru pioi eta bi kale garbitzaile kontratatu nahi dira. Lan eskaintza hauek Lanbideren enplegua sustatzeko toki ekintzetarako dirulaguntzen baitan jasotzen da eta ondorioz, izena, Lanbideren web orritik egin behar da. Gaur goizean 17 lagunek izena emana zuten kale garbiketa zerbitzuan pioi gisa aritzeko eta 21 berriz, udal brigadan pioi aritzeko. Izen-ematea gaur bertan amaituko da. Epea itxita, Lanbideko teknikariek lehen sailkapena egingo dute, eskatutako baldintzak betetzen dituztenak berezituz, eta hautagai horiekin elkarrizketa pertsonala egingo da datorren astean, datuak egiaztatu eta motibazio pertsonala neurtzeko. Asmoa, bost pioi hauek lehenbailehen lanean hastea baita.

  Udalak bost langabetu aldi baterako eta hiru edo sei hilabeterako kontratatuko ditu jardun osoz: udal brigadarako hiru pioi hiru hilabeterako eta kale garbiketa zerbitzurako bi pioi, sei hilabeterako. Hautaketa prozesuan parte hartu ahal izateko Oñatin erroldatuta egon behar da eta Lanbiden izena emanda. Eskolaratze ziurtagiria eta B1 gidabaimena izatea ere eskatzen da, 5 postuetatik 4tan behintzat B gidabaimena beharko baita. Euskaraz jakitea eta antzerako lanetan esperientzia izatea baloratuko da. Interesa dutenek, izen-ematea, www.lanbide.net web atariaren bitartez egin behar dute.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien dirulaguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia