Gaur amaitzen da udalak aldi baterako beteko dituen 8 lanpostuetara aurkezteko epea

2018/11/29
Card image cap
Lanbiderekin elkarlanean 8 langabetu kontratatuko dira hiru hilabeterako

  Kale garbiketa zerbitzua eta brigadarako hiruna pioi eta artxibo laguntzaile eta administrari bana kontratatzea aurreikusten da. Hiru hilabetez beteko diren lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko oinarrizko bi baldintza bete behar dira: Oñatin erroldatuta egotea eta Lanbiden izena emana izatea. Aldi baterako kontratazio hauetarako izen-ematea bera, Lanbideren web ataritik egin behar da. Izan ere, Lanbideren Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako deialdian jaso baitira.

  Kale garbiketan eta udal brigadan arituko diren 6 pioien kasuan, eskolaratze ziurtagiria eta B1 gidabaimena izatea eskatzen da, 6 postuetatik 4tan behintzat B gidabaimena beharko da. Artxibo laguntzaile eta administrari lanpostuetara aurkeztu ahal izateko berriz, batxilergoa, LH2 edo baliokidea den titulazioa izatea eskatzen da eta euskarari dagokion 3 hizkuntza eskakizunaren pareko ezagutza izatea. Antzerako lanetan esperientzia izatea ere bereziki baloratuko da 8 lanpostuetan.

  Udalak, bere aldetik, 3 hilabeteko lan kontratua eskaintzen du; Gaztelekuan arituko den administrariari lan jardun erdiko kontratua egingo zaio eta gainontzeko zazpiei lan jardun osokoa.

  Gaur amaitzen da kontratazio hauetara aurkezteko epea. Goizean, 29 lagun zeuden izena emanda lanpostu ezberdinetarako baina Lanbidek eskaerak aldika errebisatu eta baldintzak betetzen ez dituztenak baztertzen ditu. Beraz, epea amaitu eta azken egiaztapen hori egin arte ez da jakingo zenbat hautagai dauden. Zerrenda, udal arduradunei pasako zaie ondoren eta hauek hautagaiak elkarrizketatuko dituzte. Asmoa, elkarrizketak datorren astean zehar egitea da.

  Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea da Lanbidek tokiko erakundeei eskaintzen dizkien diru laguntza hauen helburua. 55 urtez gorakoak, emakumeak eta langabezian denbora luzez dauden eta gutxieneko diru sarrera batzuk bermatzeko RGIa deritzona jasotzen dutenak bereziki babesten dira kontratazio hauetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!