Gaueko jardueren ordutegien inguruan hausnarketa egitea eskatu du EAJk

2018/09/25
Card image cap
Gaueko zenbait jai ekitaldik ez dute bermatzen bizilagunen atsedenerako eskubidea, jeltzaleen esanetan

  Prentsa ohar bidez zabaldu du EAJren udal taldeak jai-egitarauko hainbat ekitaldiren ordutegia dela eta, duen kezka handia. Gaueko hainbat ekitaldi jai-egitarauan bata bestearen jarraian eta gutxieneko atsedenaldia kontuan hartu gabe programatzea nola baimendu den ez dute ulertzen jeltzaleek, are gutxiago, hainbat gunetako bizilagunek gaueko zaraten erruz bizi izan dituzten gorabeherak ezagututa.

  Ekitaldi horien ordutegiak oñatiarren atsedena oztopatzen duela adierazi du EAJk. Jaiak guztiontzat direla eta malgutasunez jokatu behar dela ulertzen duten arren, oreka bilatzea ezinbestekoa dela uste dute jeltzaleek, jaiekin gozatu behar den neurri berean bermatu behar baita atsedenerako eskubidea gauean, bereziki zarata gehien jasaten duten guneetan. Era berean, ordu txikietan antolatutako ekitaldi horiekin herrian zabaltzen ari den jai eredua kezkaz ikusten duela adierazten du EAJk. Gaueko aisialdiaren aldekoak diren arren, egunez jaiekin gozatzeko antolatu diren ekitaldiekin ezin dela desorekarik sortu gaineratzen du. Ildo horretan, gaueko jai egitarauaren inguruan hausnarketa partekatua egitea eskatzen diote jeltzaleek udal gobernuari, etorkizunera begira, gaueko ordutegia doitzeko.

  Idatzian, udal gobernuak uztailean aurkeztu zuen taberna ordenantzari ere egiten diote erreferentzia jeltzaleek. Adostasunik gabe eta parte hartze prozesurik egin gabe aurkeztu zen proposamena izan zela adierazten da idatzian, eta zaratak kaltetuta bizi diren pertsonen atsedenerako eskubidea eta bizi kalitatea hobetzea ez duela bermatzen gaineratzen da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!