Gas hodi bat apurtu zen atzo Martzelino Zelaia kalean

2015/11/06
Card image cap
Istripua, ur hoditeria berritzeko lanen baitan gertatu zen

  Astean hasi da Gipuzkoako Ur Kontsortzioa Martzelino Zelaia, Aita Lizarralde eta Maria Irizar kaleetan ur edangarriaren sarea berritzeko lanak egiten.

  Martzelino Zelaia kalean errepidea zulatzen ari dira eta lan horien baitan gas hodi bat apurtu zuten atzo goizean. Halakoetan zehaztuta dagoen protokoloari jarraituz, enpresa arduradunari abisua eman eta minutu gutxiren buruan teknikoek arazoa konpondu zuten. Istripuak beraz, ez zuen aparteko ondoriorik izan. Eguerdi partean hondeamakinak lanean ari ziren berriro.

  Ur hornidura sarea berritzeko lanak egiten ari dira. Zaharkituta dagoen fribrozementuzko hoditeria kendu eta burdinurtuzkoa jarriko da. 267 metro hodi aldatuko dira guztira eta Etxaluzeko jolas gunearen inguruko eraikinei eragingo die. Hau da, Martzelino Zelaia kaleko 1-3 eta 5 zenbakidunei, Aita Lizarralde kaleko 2-4-6 zenbakidunei, Lazarraga kaleko 2 eta 4 zenbakidunei, Maria Irizar kaleko bi etxe blokeei eta Euskadi Etorbideko 16.ari.

  Zaharkituta dagoen hoditeria material egokiago batez ordezkatuta, ur ihesak ekidin asmo dira eta bide batez, etorkizunean gerta litezkeen konponketetak xamurtzea. Gainera, jarriko diren hodi berriak zabalagoak direnez, ur presioa handitu gabe hornidura hobetuko da.

  Baina Martzelino Zelaia kalean lanean ari den subkontratatutako enpresak Zubillaga auzoan beste hobekuntza lan batzuk ere egingo ditu; presioa murrizteko gailua jarriko du. Datozen egunetan hasiko diren lan hauek, Zubillagatik suhiltzaileen parke aldera dagoen errepidean, Altuna enpresaren aurrealdean egingo dira. Kasu honetan, lanek ez dute  Etxaluze ingurukoek adina iraungo, uraren presioa murrizteko gailua jartzea izango baita soilik.

  Gipuzkoako Ur Kontsortzioak pakete berean esleitu dituen lan hauen proiektu aurrekontua 104.000 € zen. Lanak, 8 asteren buruan egin beharko dira.  
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!