Garraio publikoaren murrizketek herrian sortu duten ezinegona azaltzeko bilera egin dute udal ordezkariek eta Ahaldun Nagusiaren kabinete arduradunak

2017/12/14
Card image cap
Epe laburrean bilera berria egiteko konpromisoa hartu dute

  Mikel Biain alkatea eta Nerea Zubia, Xabier Barandiaranekin elkartu dira gaur Donostian, Diputazio jauregian. Autobus zerbitzu publikoa murriztuz urrian indarrean sartu ziren neurriek eragin duten egoera eta herritarren kezka azaldu diote. Eskualde bereko herrietara joateko Oñatitik zerbitzu zuzenik ez dagoela eta Bergara edo Aretxabaleta eta Eskoriatzara iristeko autobus aldaketa egin behar dela azaldu diote. Oñati-Eskoriatza eta Oñati-Eibar lineak berrezartzea eskatuko diote. Eskaera udalarena ez ezik, herritarrena ere badela erakutsiz azken asteotan batu diren 1500 sinadura baino gehiago eman dizkiote Ahaldun Nagusiaren kabinete arduradunari.

  Autobus zerbitzu publikoan izan diren murrizketen berri bazuen Xabier Barandiaranek baina etzuen ezagutzen Debagoienako kasuistika konkretua. Bilerak beraz, informazio hori lehen eskutik jasotzeko aukera eman dio. Arazoa, Mugikortasuna eta Lurralde Antolamendu Diputatu Marisol Garmendiari azaltzeko konpromisoa hartu du kabinete arduradunak eta  sakonago aztertzeko bilera berri bat egiteko konpromisoa ere hartu du. Bilerarako datarik ez da finkatu baina epe laburrean egitea adostu dute bi aldeek.

  Goizeko bilera mugikortasunaren inguruko beste gai batzuk azaltzeko ere baliatu dute udal ordezkariek. Beste bi gai aztertu dira: Madalenako autobus geltokia egokitzea eta San Pedroko zubi parean oinezkoentzat pasarela bat egitea. Madalenako autobus geltokia puntu beltza da udalarentzat, segurtasun neurriz egokitu ezean oso arriskutsua baita bidaiari eta ibilgailuentzat. Udalak gaia landuta dauka eta egin duen proiektua aurkeztu du diputazioan. Torreauzorako zubian berriz, oinezko eta ibilgailuek bat egiten dute egoera arriskutsuak sortuz. Auzotarrak kezkatuta daude eta hala adierazi diote sarritan udalari. Konponbidea zubiaren parean oinezkoentzat pasarela bat egitea litzateke.  Udalak egitasmo hau ere landuta dauka. Bi proiektuek 150.000 euro pasako aurrekontua lukete eta datorren urteko presupuestoetan sartzea eskatu zaio Xabier Barandiarani.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!