Garay enpresako tximiniaren goialdea botatzeko baimena eman du udalak

2018/07/10
Card image cap
Goiko 8 metroak eraitsiko dira elementuaren egonkortasuna segurtatzeko

  Hasierako asmoa Hijos de Juan de Garay enpresako adreiluzko tximinia osorik eraistea bazen ere, udala eta enpresa arduradunak akordio batera iritsi dira eta tximiniaren goiko zatia soilik botako da. Horrela, Oñatiko industrializazioaren lekuko den elementua, XIX. mende amaierako tximinia mantenduko da.

  Hijos de Juan de Garay enpresako adreiluzko tximinia XIX mende amaieran eraiki zen esan bezala. Tximiniak 38 metroko altuera du eta 2,40 m-ko diametroa oinarrian eta 1,40 m ingurukoa gailurrean. Urteen poderioz tximinia kaltetuaz joan da eta jausi ez zedin 5 eraztun metaliko jarri izan dira bereziki estrukturaren goialdean. Zati hori okertuta dago eta zartatuta ez ezik, zenbait adreilu ere galdu ditu.

  Tximiniaren egoera kaxkarra ikusita eraisteko baimena eskatu zuten enpresako ordezkariek iazko udazkenean baina guztiz eraitsi gabe, goialdeko zatia bota eta tximinia mantentzeko adostasuna lortu da. Goialdeko 8 metroak botatzeko baimen eskaerari baiezkoa eman dio udalak eta hala egingo da datozen asteetan. Berez, tximinia ez dago ez katalogatuta edo inbentariatuta eta ondorioz ez zegoen mantendu beharrik. Baina herriko industria ondare eta historiaren lekuko den aldetik babesteko ahalegin berezia egin da.

  Itziar Zelaia arkitektoak egindako proiektuaren arabera Garayneko  tximiniaren azken 8 metroak eraitsiko dira, egonkortasun arazoa duen zatia alegia. Behin botata, tximiniak 30 bat metro izango ditu, eta geratzen den zatia bere horretan mantenduko da, ez baitago eraberritzeko asmorik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!