Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako 95.000 euro banatuko ditu udalak diru-laguntza kontzeptuan.

2014/05/28
Dirua, herrian sentsibilizazio ekintzak egitera eta garapen bidean dauden herrialdeetan egoera sozio-ekonomiko sanitarioak hobetzera bideratuko da.

  Urteroko diru laguntzak dira Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzara udalak bideratzen dituen hauek. Zatirik handiena, kasik 90.000 euro, garapen bidean diren herrialdeetako bizilagunen osasun baldintzak eta baldintza sozioekonomikoak garatu eta hobetzeko ekintzetara bideratzen da. Gobernuz kanpoko erakundeek nahiz partikularrek babesten dituzten proiektuak aurkezten dira. Urtero, 30-40ren bat egitasmo eta eskaera iristen dira udaleko gizarte zerbitzu departamentura, hau arduratzen baita diru-laguntza hauen kudeaketaz.

  Baina garapen bidean dauden herrialdeei eta herritarrei laguntzeaz gain, Oñatin bertan elkartasunarekiko sentsibilizazio ekintzak ere egiten dira. Arlo honetako programarako beste 5.500 € bideratuko ditu aurten udalak.

  Azken tokiko gobernu batzarrean garapenaren aldeko lankidetzarako diru laguntza partidari onartu ziren arren ez dira berehalakoan banatuko. Deialdia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu behar da lehenengo eta orduan, eskaerak egiteko 30 eguneko epea irekiko da. Eskaerak, udal bulegoetan aurkeztu beharko dira. 

Iturria: Oñati irratia