Garapenaren aldeko lankidetzarako diru laguntzak banatu ditu Udalak

2017/06/20
Card image cap
Jaso ziren 21 eskaeretatik 18 diruz laguntzea erabaki berri da

  Garapenerako proiektuetara zuzendutako diru laguntzen araudian aldaketa esanguratsua egin zen iaz, eta  onuradunen egoitza nagusia edota legezko delegazio iraunkorra Oñatin egotea eskatzen da. Horrek, eskatzaile nahiz onuradunen kopurua murriztu du. Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako 21 egitasmo aurkeztu dira aurten eta 18 diruz babestea erabaki da. Baztertu diren eskaerak Oñatin egoitza nagusia edota ordezkaritza iraunkorrik ez duten elkarte eta taldeek bideratutakoak dira, hain zuzen ere. Hala, beste urte batzuetan Oñatiko udalaren laguntza jaso duten Mundu Solidarioa Helburu, Garabide kultur elkartea eta Gurutze Gorria diru babesik gabe geratu dira. Onartu berriz, 18 eskaera onartu dira. Aipagarria da lehen herriko misiolari eta erlijioso batzuk bere izenean bideratzen zituzten proiektuak Hermansoloña edota Parrokiako Misio Taldearen babes eta izenpean aurkeztu direla orain.

  Perun haur eta nerabeen elikadura eta nutrizioa hobetzeko egitasmoa eta laborategi bat muntatzearena udalaren diru laguntzaz babestuko dira. Maliko Saint Paul kolegioko ikasleen elikadura eta eskolatze programek ere diru laguntza jasoko dute. Tindufeko kanpamentuetara materiala bidaltzeko, Argentinako Jose C. Paz-en hainbat hobekuntza lan egin eta martxan den elkartasun sarea dinamizatzeko diru laguntza ere emango du udalak. Bubulum taldeak Nikaraguan urritasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko duen proiektuak, Mexikoko Chiapasen argindar hornidura eta energia kudeaketa hobetzeko nahiz emakumeen ekintzailetasuna indartzeko egitasmoak, Nomada elkarte humanitarioaren Mongolia helburu proiektuak eta Zazpi Udaberri elkarteak Guatemalan emakumeen enpoderamendurako eta hezkuntza sistema indartzeko proiektuek ere udalaren diru laguntza jasoko dute.

  Onartu diren egitasmoen balorazioa egiterakoan hainbat puntu banatu zaizkie eta diru laguntzak lortutako puntuen arabera banatuko dira, beti ere, egitasmo bakoitzerako eskatu den diru laguntza kopurua ezberdina dela kontutan hartuta. Guztira, 89000 € banatuko dira. Orain, diru laguntzaren % 75a ordainduko da.

  Garapenaren aldeko udal laguntzen beste lerro bat emergentzia edo laguntza humanitarioko egitasmoetarako diru laguntzak dira. Arlo honetan eskaerak egiteko epea azaroaren 30a arte den arren, jaso den eskaera bat jada bideratzea erabaki da. Mikel Goiaingeruaren Parrokiaren eskariz Haitin Matthew urakanak eta pasa den apirilean izan ziren uholdeak kaltetutakoei laguntzeko 5000 euro bideratuko dira. Kasu honetan ere, lehen ordainketan, onartutako laguntzaren % 75a bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!