Garapenaren aldeko lankidetzarako diru laguntzak banatu ditu Udalak

2016/12/21
Onuradunak, egoitza nagusia edota legezko delegazio iraunkorra Oñatin dutenak dira

  Garapenerako proiektuetara zuzendutako diru laguntzen araudian aurten jarri zen baldintzetako bat da aipatutakoa eta horrek, onuradunen kopurua murriztu du. Baina aldi berean, ematen den diru laguntzaren erabilpen egokia segurtatu nahi da. Garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzarako diru laguntzen baitan, hiru laguntza lerro bereizten dira: sentsibilizazio eta hezkuntza jardueretarako, lankidetza proiektuak garatzeko eta emergentzietarako diru laguntzak. Hirurak, ebatzi berri dira.

  Sentsibilizazio eta hezkuntza jardueretarako eskaera bakarra jaso zen. Hermansoloña taldeak, mundu mailan dauden migrazio mugimenduen eta gatazka egoeran dauden herrialdeetako errefuxiatu mugimenduen inguruko sentsibilizazio proiektua aurkeztu zuen eta honek udalaren diru babesa jaso du. Egitasmo honetara 1275 € bideratuko dira.

  Lankidetza proiektuak garatzeko diru laguntza deialdira 22 egitasmo aurkeztu ziren baina 13 bakarrik onartu dira, lehen esan bezala, baztertu direnak Oñatin egoitza nagusia edota legezko delegazio iraunkorrik ez duten elkarte eta taldeek bideratutakoak baitira. Hala, beste urte batzuetan Oñatiko udalaren laguntza jaso duten Mundu Solidarioa Helburu, TAU Fundazioa, Denok Osasunaren Alde, Vicente Ferrer Fundazioa edota Oscar Romero solidaritza batzordea udalaren diru babesik gabe geratu dira. Baita, Madril, Bilbo edota Gasteiztik jaso diren beste eskaera batzuk ere. Onartu berriz, 13 eskaera onartu dira. Aipagarria da, lehen herriko misiolari eta erlijioso batzuk bere izenean bideratzen zituzten proiektuak Hermansoloña edota Parrokiako Misio Taldearen babes eta izenpean aurkeztu direla aurten. Hala bideratu dira Paraguayn leuzemia duten haurren tratamendurako proiektua edota Perun haur eta nerabeen elikadura eta nutrizioa hobetzeko egitasmoak. Maliko Saint Paul kolegioko ikasleen elikadura eta eskolatze programek ere diru laguntza jasoko dute. Argentina eta Tindufeko kanpamentuetara materiala bidaltzeko egitasmoek, Argentinako Jose C. Paz-en hainbat hobekuntza lan egin eta martxan den elkartasun sarea dinamizatzeko diru laguntza ere emango du Udalak. Bubulum taldeak Nikaraguan urritasuna duten haur eta gazteei arreta eskaintzeko duen proiektuak, Oñatiko Komite Internazionalistaren Mexikoko Chiapasen elikadura eta osasuna bermatzeko egitasmoak, Nomada Elkarte Humanitarioaren Mongolia helburu proiektuak eta Zazpi Udaberri elkarteak Guatemalan emakumeen enpoderamendurako eta informatika gela bat ekipatzeko proiektuek ere udalaren diru laguntza jasoko dute. Guztira, 66.238 € banatuko dira. Orain, diru laguntzaren % 75a ordainduko da.

  Garapenaren aldeko udal laguntzen hirugarren lerroa emergentzia edo laguntza humanitarioko egitasmoetarako diru laguntzak dira. Halakoetarako 3 eskaera jaso ziren baina AMSOGRA Arrasateko taldearena baztertu egin zen, lehen aipatu bezala, egoitza Onatin ez duelako. Grezian dauden errefuxiatuen aldeko emergentzia ekintzetarako 15000 euro bideratuko ditu udalak eta Haitin Matthew urakanak kaltetutakoei laguntzeko beste 7000 euro. Kasu honetan ere, lehen ordainketan, onartutako laguntzaren % 75a bideratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Udalaren diruz babestuko den material bidalketa