Garapenaren aldeko lankidetzarako diru laguntzak banatu ditu Udalak

2015/12/01
Jaso ziren 29 proiektuetatik 26 diruz babestuko ditu

  Udal Gobernu Taldeak erabaki du jada nazioarteko lankidetzarako zuen diru poltsa zein egitasmotara bideratu. Oñatin sentsibilizazio arloko ekintzak egiteko ez da proposamen zehatzik egin baina bai, garapenerako eta emergentzietarako diru laguntzen ataletan. Garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen osasun baldintzak eta egoera sozio-ekonomikoa hobetzera zuzendutako partida kasik agortu da, 102.440 euro banatuta, 400 euro eskax geratzen dira eta emergentzietarako laguntzetara 17.000 euro banatu dira 10.000 geratuz.

  Banoia Txernobilekin,  Gurutze Gorria, Bubulum taldea, Zazpi Udaberri, Oñatiko Komite Internazionalistak, HERMANSOLOÑA, Mali Elkartasuna, TAU Fundazioa, Iñaxio Biain eta Juan Ignacio Agirre frantziskotarrak, Mari Karmen Markuleta eta Maria Luisa Ugarte misiolariak, Parrokiako misio taldea, Mundu Solidarioa Helburu, Oscar Romero edota Vicente Ferrer Fundazioak dira besteak beste, udalaren diru laguntza jasoko duten erakunde eta ordezkariak.

  Diru laguntza handiena Zazpi Udaberri elkarteak jasoko du gatazka armatuak erasandako komunitate bateko bizilagunen egoera emozionala indartzeko proiektuetarako. Guztira, 9.100 € jasoko ditu.

  5600ena euro jasoko dute beste hainbat erakunde eta egitasmok: HERMANSOLOÑAk, Argentinako Jose C Pazen inbertsioak egiteko; Mundu Solidarioa Helburuk, Nikaraguan gaitasun urritua duten gazteen integraziorako; Oñatiko Komite Internazionalistak, Chiapasko hainbat komunitatetan ongizatea sustatu, elikadura segurtasuna finkatu eta sendagaiak erosteko; Oscar Romero Fundazioak muturreko pobrezian bizi diren hainbat familiaren higiene eta osasun egoera hobetzeko edota, Serso San Viator elkarteak, Burkina Fason eskolaratu gabeko gazteentzat iturgintza modulua eraikitzeko proiekturako.

  BUBULUM taldearen eskutik Nikaraguan, nekazal eremuetan bizi diren haur berezien bizi kalitatea hobetu eta tratu txarrak eta eraso sexualak jaso dituzten haur eta gazteei laguntzeko programa diruz lagunduko da eta Debagoienako Gurutze Gorriak, Perun, hainbat emakumeen autonomia fisiko eta ekonomikoa hobetu eta genero indarkeriari aurre egiteko proiektua babesten du. Mª Karmen Markuleta moja mertzedariak ere, Perun, osasun zentro baten birmoldaketa eta botika hornidura bermatzeko 4200 euro jasoko ditu. Mª Luisa Ugartek berriz, Haitiko Puerto Principen ikastetxe bat eraikitzeko 4000 euro jasoko ditu. Parrokiako Misio taldeak ere, Haitin, Marbial herrian kokatzen du bere proiektua, haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe berri bat eraikitzen laguntzea, alegia. Horretarako kasik 2500 euroko diru laguntza jasoko du aurten.

  Horiek, jaso eta diruz lagunduko diren garapen proiektuetako batzuk dira. Guztira, aurkeztu diren 29 eskaeretatik 26 diruz babestea erabaki da. Ezeztatu direnak, proiekturik aurkeztu ez dutelako edo gutxieneko puntuazioa lortu ez dutelako izan da.

  Emergentzietarako diru laguntzen atalean berriz, hiru eskaera babestea erabaki da: Siriako larrialdirako 7000 euro bideratuko dira eta beste 5000na euro, Nepalen izandako lurrikararen biktimentzat kanpin dendan erosteko eta El Salvadorren El Niño fenomenoak eragindako lehorteak kaltetutakoei laguntzeko. 

Iturria: Oñati Irratia

Mali Elkartasuna taldeko kideak