Garapen Iraunkorreko Helburuak landuko dituzte herriko ikasleek Eskola Agenda 2030 programaren baitan

2020/11/05
Card image cap
Hiri eta komunitate iraunkorrak helburua bereziki aztertuko dute

  Nazio Batuen Erakundeak 2015ean aurkeztu zituen Garapen Iraunkorrerako Helburuak. Hori oinarri hartuko da Oñatiko Eskola Agenda 2030 egitasmoan, ikasturte honetan. Garapen Iraunkorrerako 17+1 Helburuak zeintzuk diren ikusiko da baina bereziki 11. helburua landuko da, hau da, hiri eta komunitate iraunkorrak biltzen dituen helburua. Ikastetxe iraunkorrak, herri iraunkor batean lelopean, herria hobetzeko aukera eta bideak landuko dituzte, etorkizuneko belaunaldien bizirautea bermatu eta ziurtatzeko asmoz.

  2020-2021 ikasturtea pandemiak erabat baldintzatzen duela jakinik, hainbat berrikuntza proposatu ditu egitasmoa koordinatzen duen ARAZI Aholkularitza enpresako lantaldeak, beti ere irakasle zein ikasleen jarduna errazteko helburuz. Webgune bat prestatu da, udalerriko diagnostikoa egin eta egoera hobetzeko proposamenak aurkezteko. Hala, hezkuntza eta bizikidetza egoera dena delakoa ere, programari eutsi eta lanean jarraitu ahal izango dute. Webgune horretan zintzilikatuko da  irakasle, ikasle eta seinideek ere beharrezkoak dituzten baliabide eta material guztiak.

  Zein errealitate bizi dugu Oñatin? Beste errealitate batzuekin alderatuz, zer egin dezakegu egoera hobetzeko? Zein pauso eman ditzakegu Oñati herri iraunkor bat izan dadin? Halako galderei erantzunez, garapen iraunkorraren kontzeptua landu eta iraunkortasunaren bidean aurrera egiteko urratsak emango dituzte herriko ikasleek. Garapen Iraunkorrerako Helburu ezberdinen inguruko herri diagnostikoan antzemandako gorabehera guztien berri eta gabeziak zuzentzeko zehaztutako proposamenak udal ordezkariei jakinaraziko dizkiete, maiatzean.

  Herriko 4 eskolatako ikasleek parte hartzen dute Eskola Agenda 2030 egitasmoan: Elkar Hezi Ikastetxea, Txantxiku Ikastola, Errekalde Herri Eskola eta Zuazola-Larraña Institutua. Adin ezberdinetako haur eta gazteek, dagokien mailari egokitutako azterketa burutuko dute eta guztien artean Oñatiko diagnostikoa borobilduko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!