Gai gutxi gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako

2015/12/10
Kultura eta Ogasuna arloari dagozkion bost gai bakarrik jaso dira lan zerrendan

  Azken orduan eta lan zerrendaz kanpo beste gairik aurkezten ez bada beraz, agudo amaituko da Udal Gobernu Taldearen aste honetako bilera.

  Kultura Batzordearen eskutik, Gabonetarako gertatu den egitarauaren berri emango da. Dagoeneko etxeetara banatu diren esku programetan, abenduaren 12tik urtarrilaren 8ra arteko kultur ekintzak jaso dira nagusiki. Egitarauan zehaztutakoak aurrera eraman ahal izateko aurrekontuaren berri ere emango zaie gobernu taldeko kideei. Eta diru kontuekin jarraituz, kultur taldeei onartu zitzaizkien diru laguntzen bigarren zatia ordaintzea eta era berean, Musika Eskolaren urteko diru laguntzaren likidazioa egitea proposatuko da arratsaldeko bileran.

  Ogasuna Batzordearen eskutik ere, diru kontuak nagusi izango dira ohikoa denez. Faktura zerrenda bat onartzea proposatuko da eta Ondasun Higiezinen Zergan aplikatutako errekargu baten inguruan herritar batek aurkeztu duen erreklamazioa aztertuko da.

  Asteartea jai izanik, zenbait udal batzordek ez dute bilerarik egin aste honetan eta hori, Tokiko Gobernu Batzarrerako gaietan antzeman da. Bost bakarrik zerrendatu baitira arratsaldeko bilerarako. Beraz, azken orduko gairik ez badago esan bezala, arin amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia