Hondakinen bilketa zerbitzua aurreratu egingo da asteartean, Gabonzahar eta Urteberri egunak tarteko

2019/12/27
Organikoa eta pardelak 13:00tarako atera beharko dira

  Asteartean hondakinen bilketa-kamioiak 13:30tan irtengo dira zerbitzua betetzera. Horrek esanahi du, normalean, iluntzean atera ohi den organikoaren kubo marroia, eta pardelen poltsak, lehenago atera beharko direla. Hondakinak 13:00etarako ateratzeko eskaera egin da Mankomunitatetik. Halaxe egin da aste honetan ere, baina zenbait herritar despistatu-edo egin dira eta organikoaren kuboek egunak egin dituzte zintzilik. Gaur jasoko dituzte.

  Era berean, urtarrilaren 1ean ez da komertzio, enpresa eta industrialdeetako zerbitzurik beteko. Merkatariei, edukiontzia hurbilen duten esekitokietara eramateko aukera eskaintzen zaie eta hondakinak, herritarren hondakin bilketa zerbitzuarekin batera jasoko zaizkie. Urte berri eguna eguaztenarekin etorriko denez, ontzi arinak jasoko dira gauean. Egun horretan ez ezik, urtarrilaren 4an ere, herritarren gaueko bilketa erabiltzeko aukera emango zaie komertzioei, edukiontzia iluntzerako esekitokietara gerturatuz. Enpresa eta industriei berriz, urtarrilaren 1ean beteko ez den hondakin bilketa zerbitzua hurrengo egunean beteko da, hau da, urtarrilaren 2an.

  Neurri hauekin, hondakinen bilketa zerbitzua ziurtatu baina aldi berean, horretan diharduten langileen jai eskubidea bermatu nahi du Mankomunitateak. Urrutxuko Garbiguneak ere ordutegi berezia izango du asteartean, goizez soilik irekiko baita, 9:00tatik 13:30tara.

Iturria: Oñati Irratia