Gabonetako kanpainari ekin dio Txanda dendarien elkarteak

2020/12/10
Hilaren 28ra arte egindako erosketek 20, 50, 100 eta 500 euroko saria eskuratzeko zozketan parte hartuko dute

  Txandaren Gabonetako promozio kanpainak 3.710 euro banatuko ditu saritan. Baina irabazleak abenduaren 31n ezagutuko dira.

  Abenduaren 28ra arte egiten den erosketa bakoitzeko txartelean, izena eta telefono zenbakia idatzi eta zozketarako kaxan sartuko du bezeroak. Jasotako txartel guztien artean zozketa egingo dute Txandako kideek eta irabazleei abenduaren 31rako hitzordua jakinaraziko diete. Deia jasotzen duten bezeroek saria irabazi dutela jakingo dute baina ez zenbatekoa. Izan ere, 20, 50, 100 eta 500 euroko sariak puxika handi batzuetan gordeko baitira eta horiek aukeratu eta lehertu sarituek beraiek egin beharko baitituzte abenduaren 31n. Orduan ezagutuko du bakoitzak zenbateko saria eskuratuko duen.

  Txanda dendarien elkarteak herrian erosten duten bezeroen fideltasuna sarituko du Gabonak berak dakarren ilusio, magia eta zoriari keinu eginez, beste behin. Aldi berean, azaroan hasitako promozio kanpainak jarraitzen du eta elkarteko txartelaz ordaindutako erosketek, 5, 10 eta 50 euroko bat-bateko deskontu saria eskuratu dezakete. Bide batez, herria Gabon giroz apaintzeko ahaleginean, Txandako denda atarietan argidun pinuak jarri dituzte.

Iturria: Oñati Irratia