Gabonetako argiteria eta X. erakusleiho lehiaketarako oinarriak aztergai izango dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/11/09
Zubillaga auzoa 38 zenbakiaren birgaitze energetikoaren gaia zertan den ere azalduko da

  Garaiari dagozkion hainbat gai jorratuko dira beraz, aste honetako tokiko batzarrean. Herriko kaleak Gabonetan argiz apaintzeko proposamena aztertuko dute gobernu taldeko kideek eta Txanda elkartearekin batera antolatu ohi den erakusleiho lehiaketa ere eztabaidatuko da. Aurtengoa hamargarren lehiaketa izango da eta horretarako oinarriak zehaztuko dira arratsaldean. Eguraldi hotza nagusitu den honetan bestalde, Zubillaga auzoa 38. zenbakidun eraikinaren birgaitze energetikoa egitea zertan den azalduko da bileran. Udalak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak eta LKSk elkarlanean gauzatuko duten proba pilotua da Zubillagakoa. Berogailu sistema berritzailea egokituko da garai batean auzoko eskola izan zen eraikinean, gaur egun, zubillagatarrek erabiltzen duten lokala eta bi udal etxebizitza hartzen dituen eraikinean, alegia.

  Zubillagako bizitegi arean espazioen eta gainazaleko tratamenduen antolamendu proiektuaren 2. fasea amaitutzat ematen duen gastuaren likidazioa aurkeztuko da tokiko gobernu batzarrean eta baita Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen arteko bidegorria eratzeko lanen likidazioa ere. Arantzazuko Ama kaleko 25ean, Eroski inguruan, gasolindegia jartzeko eskera eta plaza aldean txurroak saltzeko eskaera ere azalduko da arratsaldeko bileran. 

  Aipatutako gai guztiak, Hirigintza eta Zerbitzuak batzordearen eskutik aurkeztuko dira. Baina lan zerrendan beste hainbat jaso dira, guztira, 60 zerrendatu baitira. Txanda merkatari elkartearekin batera herri txartela ezartzeko proposamena edota 2015-2016 ingurumen ikerketa bekaz egin den lanaren aurkezpena aztertuko dira, besteak beste, gobernu taldearen aste honetako bileran.

Iturria: Oñati Irratia