Francisco Elorza "Patxitxo"ren argarki-funtsa digitalizatuko du udalak

2017/07/18
Artxiboan gordetzen diren 840 negatiboak digitalizatuko dira

  35 mm-ko negatiboak izaki argazki guztiak ezin izan dira identifikatu baina asko txirrindulari probatakoak eta artzain txakur txapelketakoak direla adierazi digu udal artxibozainak. Aurreko mendeko 50-60. hamarkadan ateratakoak direla uste da baina behin digitalizatu ondoren, irudiak garbiago ikusiko direla eta, data zehaztea ere errazagoa izango dela esan digu.

  Francisco Elorza Patxitxo Murgiako Santakrutz errotan jaio zen 1911. urtean. Urte batzuetan Zubillagako forjetan lan egin zuen egunez, eta iluntzeetan eta asteburuetan argazkilari lanak egiten zituen. Gerora, argazkilaritzako lokala ere izan zuen Kale Zaharreko 10.ean. Udalak jaso zuen Francisco Elorza Patxitxoren argazki-funtsa, eta orain, fondoa bere osotasunean berritzea erabaki du. Argazki-funtsa 35 mm-ko 840 negatibok osatzen dute. Horiek digitalizatzeko lana Jose Valderrey eibartarrak egingo du. Lanak irailean hasiko dira eta lauzpabost asteren buruan amaitzea espero da.

  Udal artxiboan gordetzen den funtsa osatzeko Patxitxoren argazkiak dituztenei udaletxera eramatea eskatzen die artxibozainak. Horrela Elorzaren lanaren bilduma borobildu ahal izango da. Gainera, argazki asko kalean edota auzoko jaietan atera zituela jakinekoa da, eta horiek eskuratuta, Oñatik azken 50-60 urtetan izan duen aldaketa irudikatzeko aukera izango dela aipatu digu.

  Udal artxibategian herriko hainbat argazkilariren lanak gordetzen dira. Horiek digitalizatuz joateko asmoa dago. Andres Arlanzonen eta Jesus Mari Arzuagaren funtsak digitalizatu ziren eta halako hurrengo lana Francisco Elorza Patxitxorena digitalizatzea izango da. Lanaren aurrekontua 2.178,00 € da.

Iturria: Oñati Irratia

Francisco Elorza "Patxitxo"