Foru Ogasunak, Oñatiko industria eta zerbitzu lurretarako proposatu duen balio katastral kuotarekin ez dago ados Udala

2016/06/15
Card image cap
Merkatu azterketa sakona egin dezala adieraziz alegazioa aurkeztu da

  Foru Aldundiak balio katastralen berrikuspena egiten dihardu Gipuzkoa osoan. Oñatirako, industria eta zerbitzu guneetako balio katastralaren jaitsiera proposatu du, ia % 25aren jaitsiera. Udala ordea, ez dator bat proposamen horrekin eta alegazioa aurkeztu du.

  Bost puntutan oinarritu du Udalak bere alegazioa. Lehenik, merkatu azterketa argudiatu du, edo kasu honetan, Foru Ogasunak Oñatin egin ez duen merkatu azterketa. Herriko barne produktu gordinaren % 56,4a industriala den arren, balio katastralen berrikuspen honetarako, ez da industrial izaerako kasurik aztertu Oñatiko udalerrian. Bigarren eta hirugarren argudioak, aurreko berrikuspenetik oraingora joan diren 15 urtetan oinarritu dira eta krisia hasi bitarteko 2008. urtea izan da horretarako gakoa: 2001etik 2008ra Oñatin hazkunde ekonomiko nabarmena izan zela dio Udalak bere alegazioan, eta horrek, eragina izan zuela lur eta eraikin industrialen prezioaren igoeran. 2008tik aurrera, Oñatin ere krisiaren ondorioak pairatu diren arren, eragina ez da izan inguruko herriek edo Gipuzkoak izan duten bezain larria udal arduradunen iritziz. AP1 autopista bere osotasunean ireki izana, bestalde, Oñatiko lur eta eraikin prezioan eragina izan duela aipatzen da alegazio-idatzian. Eta azkenik, 2001etik 2016ra bitartean, eman diren balio katastralen igoerak oso txikiak izan direla dio Udalak. Gainera, igoera hori ez dagoela, egungo merkatu balorearen % 80aren pare, hau da, balio katastralak berrikustean lortu nahi den helburua ez dela betetzen.

  Guzti hori kontutan hartuta, Oñatiko Udalak industri-zerbitzu guneetako  merkatu azterketa sakona egitea eskatzen dio Foru Ogasunari. Eta hori egin bitartean, egungo balio katastralak mantentzea.

  Lehen aipatu bezala, Foru Ogasunak  ez du industrial izaerako kasurik aztertu Oñatin. Inguruko herrietan bai, Arrasate edo Bergaran egin dira horrelako merkatu azterketak, baina horietatik atera diren ondorioak Oñatira zuzenean, ezin direla aplikatu uste dute udal arduradunek. Orain astebete inguru Foru Ogasunera igorri zen alegazioak, udalbatza osatzen duten bi alderdien adostasunez idatzi eta bidali zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!