Oñatiko udala

Foru aldundikoen erantzunaren zain itzuli ziren udal ordezkariak atzo Donostiatik

2019/11/19
Card image cap
Bidegorria Olapotoko zubi berrituan egokitzea eskatu zioten Bide Azpiegituretako Zuzendari Nagusiari

  Hori da Oñatiko udalbatzak lehenesten duen aukera. Herri mailan dagoen adostasuna irudikatuz, udalbatza osatzen duten bi taldeetako ordezkariak joan ziren, atzoko bilerara: Izaro Elorza alkatea eta Xabier Igartua eta Ainhoa Galdos zinegotziak. Aitor Gerenabarrena nekazaritza eta landa auzoetako teknikariak osatu zuen Oñatiko ordezkaritza. Aldundiaren aldetik berriz, Bide Azpiegituretako departamentuan Kudeaketa eta Plangintzako Zuzendari Nagusi Mikel Uribetxebarria eta hiru teknikari egon ziren bileran. Udalaren jarrera argudiatzeko GIRDER ingeniaritzak osatu zuen txosten teknikoa azaldu zieten foru ordezkariei eta bidegorria zubi gainetik pasatzeko aukera teknikoki bideragarria dela erakutsi zieten. Horrela, egun errepide bazterretik pasatzen diren oinezko eta txirrindularien segurtasuna bermatuko dela adierazi zieten eta bidegorriak Ugarkalderantz duen trazatu bihurria saihestuko dela.

  Udal ordezkariek azaldutako alternatiba teknikoki baliagarria dela onartu arren, bidegorriaren egungo trazatua ontzat eman zuten diputazioko ordezkariek, dena den, aztertzekotan geratu ziren. Bidegorria zubi gainean egokitzeak sortu dezaken gain kostua udala ordaintzeko gertu legokeela eta errepidea itxita dagoela aprobetxatuz ahalako lanak egiteko momentu egokia orain dela jakinarazi zieten aldundiko ordezkariei. Erantzun garbirik gabe, azaldutakoa aztertuko dutela hitz emanda itzuli ziren Oñatira.

  Bidegorria zubi berritutik bideratuko den ala ez erabaki gabe oraindik, baina bihar bertan hasiko da GI 2630 errepideko zubiak berritzeko lanen bigarren fasea. Ondorioz, Olabarrietara joateko merenderotik barrena joan beharko da, bihartik aurrera. Era berean, auzorako sarreratik Udana alderako errepide zatia zabalik geratuko da.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!