Foru aldundiari bizikletak aparkatzeko elementuak eskatu dizkieten 8 enpresetatik 5 Oñatikoak dira.

2014/10/16
Card image cap
Ekimena, lanera bizikletan egitasmoaren baitan kokatzen da.

  Deialdia, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako enpresei zuzendu zitzaien eta epe barruan jaso diren 8 eskaeretatik 5 Oñatitik iritsi dira. Txintxurreta, Stadler, Fagor Industrial eta Ulma packanging eta Ulma Packanging Technological Centerrek eskatu dituzte bizikletak aparkatzeko elementuak. Diputazioaren laguntza horretan baitatza, Foru erakundeak erosiko dituen elementuak banatzean. Hala, bi eratako moduluak eskaini zitzaizkien bailarako enpresei: zortzi bizikletentzako lau burdin haga dituzten U alderantzikatuak eta hamar bizikletentzat edukiera duten teilatupekoak. Egitasmoan parte hartzeko eskaera egin duten enpresen zerrenda eskuratu dugu baina ez da zehaztu bakoitzak zein eredu konkretu eskatu zuen. Foru aldundiak, 35.000 euroko diru partida berezitu zuen egitasmo honetarako.

  Atzo aurkeztu zen Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek eta Foru Aldundiak lanera joateko bizikletaren erabilera sustatzeko programa orokorra. Egitasmoak bi eremutan eragingo du: enpresetan, bizikletentzat aparkalekuak jartzeko laguntza lerroa martxan jarriz, esan bezala eta langileen artean informazio eta sentsibilizazio kanpaina eginez, bestetik. Horren haritik, gogoratu, herriz herri informazio bilera irekiak egingo direla eta lehena, Oñatin bertan egingo dela, datorren asteartean, arratsaldeko 7etan eta udaletxeko areto nagusian.

  Oñatiko 5 enpresekin batera, Arrasateko beste hiruk: Fagor Arrasate kooperatibak, Arrasateko institutuak eta Arizmendi ikastolak eskatu dizkiote bizikletentzako aparkaleku elementuak Foru Aldundiari.

  Aipagarria da gainera Caravanas Oñate enpresak ere “lanera bizikletan” ekimenean parte hartzen duela bizikletan ibiltzeko oinetako eta erropetan deskontuak bereziak eskaintzen. Eta horretan, oraingoz, bakarra da inguruan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!