Foru Aldundiak, LIFE proiektuari lotuta, 30 hektareako zuhaiztia erosi du Iturrigorrin.

2013/02/05
Lursailak, udal jabetzako basoarekin muga egiten du.

  Diputatuen kontseiluak pasa den abendu erdialdean erabaki zuen Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan eta konkretuki Oñatin eta Legazpin hainbat landa lur erostea. Beti ere, LIFE proiektuaren baitan.

  Oñatiko udaleko nekazaritza teknikariarekin elkarlanean, Iturrigorrin interesgarritzat jotzen diren hainbat lursail partikular zerrendatu ziren eta horietako bat erostea erabaki da. Foru aldundiak eskuratu berri duen zuhaiztia 30 hektarea ingurukoa da eta udalak dituen terrenoekin muga egiten du. Erosketa hau, esan bezala, LIFE proiektuari lotuta dago.

  LIFE proiektuak biodibertsitatea zaindu eta babestea du helburu. Gipuzkoan, biodibertsitate horren adierazle den kakalardo mota batzuen habitat edo bizilekua mantentzeko ahalegina egiten ari da Diputazioa. Hala, herrialdeko lau parke naturaletan zuhaitz motzak egin eta gordetzeko ekintzak gauzatzen ari dira. Baina halako esku-hartzeak, herri-lurretan egiten dira. Aizkorri-Aratz parke naturalean, ARTASO da era horretako ekintzen adibide.

  Gure inguruan, “rosalía alpina” deritzon kakalardoa bizi da. Xomorrotxo hau, inguruko biodibertsitatea ondo, orekatsu mantentzen denaren adierazle da. Horretan datza bere garrantzia. Eta kakalardoa bera baina bereziki berak adierazten duen biodibertsitate orekatua babestea da LIFE proiektuaren baitan Diputazioak gauzatu berri duen erosketaren helburua.

  LIFE proiektua, Europar Batasunak babesten duen egitasmoa da. Egitasmoak, 3. milioi euroko aurrekontu orokorra du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Europako Batzordeak erdi bana finantzatzen dute. Azaroan, Europako ordezkariak Gipuzkoan egon ziren aurreikusitako ekintzen exekuzio-egoera bertatik bertara egiaztatu da eta proiektuaren finantza-egoera aztertzen.

  Gipuzkoako LIFE proiektua, printzipioz, 2013. honetan bukatuko da zuhaizti motzak eta horiei lotutako biodibertsitatea mantentzeko oinarriak ezartzen direnean. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!