Fortuna handien gaineko zerga bertan behera uzteko erabakia salatu du Oñatiko EH Bilduk, prentsa-ohar bidez

2018/05/10
Card image cap
Gaia Batzar Nagusietan aztertu zen atzo

  PNV-PSE koalizioak, PPren babesarekin, Gipuzkoako aberatsenei zergak jaistea erabaki duela dio Oñatiko EH Bilduren prentsa-oharrak. Hau da, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga indargabetuko dutela. Horren haritik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo egin zen osoko bilkura eskandalagarria dela azpimarratzen du EH Bilduk.

  Datuak eman eta salaketa konkretua ere egiten da prentsa-oharrean: Foru gobernuak sustatzen duen aldaketarekin zerga ezkutu edo escudo fiscal delakoaz baliatuko omen dira herrialdeko zergadun aberatsenak, Ogasunari ia 38.000 euro gutxiago ordaintzeko. Horrek, guztira, 33 milioi euro gutxiago jasotzea eragingo du.

  Zerga sistema hau insolidarioa eta injustua dela dio Oñatiko EH Bilduk prentsara zabaldutako oharrean. Gipuzkoako aberatsenei zergak kentzen zaizkien bitartean, EAJ-PSE koalizioak murrizketa sozialak egiten jarraitzen duela esanez, eta adibide gisa mendekotasuna duten familien % 27ari urteko 300 eta 1000 euro artean murrizten zaiela adieraziz.

  EH Bilduk atzoko erreforma fiskalari EZETZ biribila emateaz gain, herritarrei datuak helarazteko ahaleginean jarraituko duela dio pentsa oharrak, eta antolatzen diren mobilizazioak babestuz aktiboki parte hartuko dutela azpimarratzen da. EAJ-PSE koalizioak, PPren babes sutsuarekin, egin nahi duena Gipuzkoako jendarte osoari ikaragarrizko lapurreta dela erantsiz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!