Formazio bidaian Asian zeuden LEINNeko 23 ikasleak Euskal Herrira itzularazi ditu Enpresagintza fakultateak

2020/02/28
Atzo gauean iritsi ziren Indiatik

  Mondragon Unibertsitateak Indian zuen leinner taldea Euskal Herrira ekarri du bueltan, Koronabirus gaitzak sortu duen egoera dela eta. Indian zeuden, Pune hirian, MUk duen laboratorioan ekintzailetza arloko formazioa osatzen. Berez, 15 asteko egonaldia egin behar zuten Asian: 7 aste Indian, astebeteko oporraldia eta beste 7 aste Txinan. Hori hasierako asmoa zen. Baina Covid 19 birusa Txinan zabaltzen ari zenez, plan berria landu zen, bigarren formazio egonaldia Hego Korean betetzeko. Baina Hego Koreako egoera ere ez da ona egun eta ikasleak Euskal Herrira itzultzea erabaki du Mondragon unibertsitateak, gazteen osasuna eta segurtasuna lehenetsiz.

  Datorren astean Bilbo eta Irungo Leinneko beste bi ikasle talde Indiara bidaiatzekotan ziren, Oñatiko taldeak osatu duen formazio egonaldia betetzen hasteko, baina bidaia hori ere bertan behera utzi da. Une honetan, alternatiba izan daitekeen beste formazio programa bat prestatzeko ahaleginetan ari dira Enpresagintza fakultatean, baina Europan egingo litzateke. Izan ere, ikasturte honetan Asian programatuta zituzten formakuntza egitasmo guztiak bertan behera utzi baititu Enpresagintza fakultateak.

  Une honetan, Leinneko lehenengo mailako talde bat Berlinen dago, bere formakuntza osatzen. Printzipioz, Europa mailako programak ez dira etengo eta aurreikusita zegoen bezala beteko dira.

  Urtarrila erdialdean Indiara bidaiatu zuen 23 ikasleko taldea ondo dago, bidaiagatik nekatuta baina lasai, Indian ez baita Koronabirus gaitzik izan.  

Iturria: Oñati Irratia

Indiatik itzuli berri den ikasle taldea