FIZPE jasotzen duten zaintzaileei zuzendutako formazio tailerra egingo da apirilean, Oñatin

2019/03/27
Card image cap
Senitatekoak zaintzeagatik prestazio ekonomikoa jasotzen dutenek bete beharreko formazioa da

  Zaintzaileek oinarrizko formazioa jasotzeko derrigortasuna iaz onartu zuen Foru Aldundiak. Eta hala islatzen da menpekotasuna duten senitartekoak zaintzeko prestazio ekonomikoa kobratzeko zaintzaileek sinatu behar duten konpromiso adierazpenean. Sei hilabeteko epea ematen zaie gainera, aipatu formazio tailerra osatzeko.

  Oinarrizko formazio tailer honek 16 orduko iraupena du eta bi orduko 8 saiotan banatzen da. Oñatin, ia ohikoa bihurtu da, azkenaldian, bi hiletik behin antolatzen delako eta apirilean egingo dena laugarrena izango da.

  Tailer honen helburua, zaintza lanak egoki egiteko oinarriak ematea da, menpekotasuna duen senitartekoaren onurarako baina baita zaintzailearen onurarako ere, zaintza errazteko eskura dituen laguntza tresnak eta bestelako baliabideak erakusten zaizkiolako. Tailerra, Matia fundazioko adituek eman ohi dute.

  Aste Santua tarteko eten txiki bat egingo bada ere, apirileko astearte, ostegun eta ostiraletan emango da tailerra, 8 saio guztira, esan bezala, 15:00tatik 17:00tara Euskaldun berria gelan. Parte hartzeko izena eman behar da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!