Felix Ibarrondo konpositorea hautagai da Manuel Lekuona Saria eskuratzeko

2019/09/17
Card image cap
Oñatiarrarekin batera beste hiru hautagai daude aurten: Xabier Amuriza, Txaro Arteaga eta Jon Kortazar

  Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 1983an sortu zen euskal komunitatearentzat ekarpen garrantzitsua izan zitekeen lana egin duten pertsonei aitorpena egiteko. Aurtengo ediziorako lau hautagai izendatu dira: Felix Ibarrondo konpositore oñatiarra, Xabier Amuriza bertsolaria, Txaro Arteaga kazetaria eta Emakundeko buru izan zena eta Jon Kortazar,literatura kritikaria eta Literaturan katedraduna. Felix Ibarrondoren hautagaitza, SILBOBERRI txistu elkarteak aurkeztu zuen.

  Manuel Lekuona Sariaren irabazlea bi modutara emandako botoaren bitartez erabakitzen da: batetik, euskal komunitatearen bozka birtuala; eta bestetik, epaimahai instituzional baten bidez. Bihar amaitzen da hain zuzen ere, bozka birtual horiek emateko epea. Komunitate honen bozkak % 10eko pisua izango du azken erabakian, % 30a Eusko Ikaskuntzako kideen bozkak eta erabakigarria izango da, lehen aipatu bezala, epaimahai instituzionalaren bozka, alegia, Eusko Ikaskuntzako lehendakari eta erreferentziazko zazpi entitateen ordezkariek emandakoa. Irabazlearen izena 2019ko udazkenean jakinaraziko da.

  Manuel Lekuona Saria jaso duten pertsonen zerrenda luzea da, besteak beste, Jorge Oteizak, Eugene Goyhenechek, Menchu Galek, Joan Mari Torrealdaik, Mari-Jose Azurmendik edota Manuel Lekuona berak. Saria Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura bat da.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!