Ez ohiko egunean, ez ohiko orduan eta ez ohiko gai kopurua aztertuz egingo da aste honetako Tokiko Gobernu Batzarra

2017/04/11
Card image cap
Bihar 10:00etan eta 63 gai lan zerrendan

  Hainbeste gai zeudela ikusirik erabaki zen hain zuzen ere, Aste Santuan ere gobernu batzarra egitea. Baina taldeko kideek jai egunak hartu ditzaten asteko bilera asteazkenera aurreratzea erabaki zen eta bihar, 10:00etan egingo da, esan bezala.

  Zerrendatu diren 63 gai horien erdiak baino gehiago, 35, hirigintza eta zerbitzuak batzordeari dagozkionak dira, eta asko gainera, udaberria aprobetxatuz, herritarrek egin asmo dituzten lanetarako baimen eskaerak. Fatxada konponketak, isolamendu termikoa jartzea, teilatuak eraberritu, leihoak aldatu eta etxe barruko bestelako eraberritze lanetarako baimen eskaera ugari aztertuko da biharko tokiko gobernu batzarrean. Gaztelekuan ere, espazioa optimizatzeko berregokitze lan ezberdinak egin dira eta horien berri  emango zaie gobernu taldeko kideei bihar. Udaltzaingorako ibilgailu bat erostea, edota Kirolak Batzordearen eskutik, Azkoagain futbol zelaian mantenu lanak egiteko proposamena eta Zubikoa kiroldegiko garbiketa zerbitzuaren kontratazioa aztertuko dira, besteak beste.

  Aste honetan tokiko gobernu batzarra egingo da, ez ohiko egun eta orduan esan bezala, baina printzipioz, datorren astean ez da halakorik egitea aurre ikusten.    

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!