Ez da Pake Lekuko batzar orokorrik egingo aurten

2021/03/24
Azken bi urteetako diru kontuak eta zuzendaritzako kide berrien izenak elkarteko tabernan jarriko dira ikusgai bihar, juntakideek bilera egin ondoren

  Urteko batzar orokorrik ez egitea erabaki du Pake Leku elkarteko zuzendaritzak, Covid-19a dela eta prebentzio neurri gisa. Baina iaz ere ez zen egin eta 2019ko eta 2020ko balantze ekonomikoak onartzeko daude. Gainera, zuzendaritza batzordean ez da kargu berritzerik izan.

  Pake Lekuko ekintzak egun bertan behera utzita dauden arren, zuzendaritza taldeak lanean jarraitu du eta batzarkide berriak topatu ditu, lauzpabost bai behintzat. Zuzendaritzako partaideen erdiak 2018tik karguan daudela kontuan hartuta, zenbaiti erreleboa ematea egokia litzatekeela pentsatu da, eta hala egingo da juntak bihar egingo duen ez-ohiko bileran: 2019 eta 2020ko balantze ekonomikoen berri eman eta onartuko dira eta batzordekide berriak izendatuko dira. Ez ohiko batzar honen agiria Pake Lekuko tabernan jarriko da ikusgai eta argibideren bat behar edo nahi duen bazkideari batzordeko kideekin harremanetan jartzea gomendatzen zaio.

  Pake Leku elkartea iazko martxoan itxi zen baina ekainean taberna ireki zen berriro. Udazkenean hainbat ikastaro egiten hasi ziren, talde txikitan eta segurtasun neurriak hartuta, baina osasun egoera okertzearekin batera bertan behera utzi ziren eta hala jarraitzen dute une honetan. Gauzak horrela bazkideen batzar orokorra egitea oso zaila ikusten zen eta ordezko bidea hartuko du zuzendaritzak, taldekoen ez-ohiko bilera eginda tramitea betetzeko.

Iturria: Oñati Irratia