Euzko alderdi Jeltzalea ez dago moneta sozialaren aurka baina Oñatin ezarri den eredua baino praktikoagoak daudela uste du.

2014/11/05
Card image cap
EAJko udal taldeak Txantxi moneta sozialari buruzko iritzia eman du prentsa ohar bidez. Lourdes Idoiaga bozeramaileak azaldu duenez, jeltzaleak ez daude moneta sozialaren aurka, urte beteko esperimentua delako, baina tokiko saltokiak sustatzeko eredu praktikoagoak daudela uste dute.

  Jeltzaleek tokiko merkataritza eta ostalaritza beti babestu dutela eta hala egiten jarraituko dutela esan du Idoiagak. Zentzu horretan, tokiko jardun hori sustatu, hobetu eta indartzera bideratutako ekimen guztiek jeltzaleen errespetua merezi dutela gaineratu du.

  Baina Oñatin udal gobernu taldeak martxan jarri duen sistemaren kudeaketa konplexua eta garestia dela diote jeltzaleek, ezarri diren igortze, iraungitze eta trukerako epe mugengatik. Konplexutasun horrek, moneta sozialaren erabilpena mugatu eta zenbait kasutan penalizazioak eragingo dituela dio Lourdes Idoiagak.

  Hala, EAJk erabilgarriagoak diren beste sistema batzuen alde egiten du, kultura bonuak, Debagoiena mankomunitateko bonuak edota Ogerlekoa, Aiara bailarako merkatariek erabiltzen duten moneta soziala.

  Azkenik, jeltzaleek jakinarazi dute oraindik ez dela enpresarik batu sistema berrira eta hori parte hartzen duten tokiko merkatarien kalteetan dela.

  Baina alde onak ere ikusten diote jeltzaleek Txantxien proiektuari, funts soziala sortzea positiboa bait deritzote. Hala ere, funts horren sorrera hainbat modutara landu daitekeela eransten dute, udal esparruan, udaletxe, merkatari, ostalari eta enpresen arteko elkarrekintza sustatuz, adibidez.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!