Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariak Arantzazura hurbilduko dira bihar Gipuzkoako zaindariaren eguna ospatzera

2015/09/08
Mikel Biain alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean

  Arantzazun, etorriko diren agintarien konfirmazioaren zain zeuden goizean baina ohikoa denez Jaurlaritza eta Diputazioko ordezkariak ez dira faltako Ama Birjinaren urteko ospakizunean. Lehendakaritzatik jakinarazi dietenez agenda arazoak tarteko zaila izango da Iñigo Urkullu Arantzazura etortzea, baina Jaurlaritzako beste ordezkari batzuk izango omen dira. Foru Aldunditik ere goi agintariak espero dituztela adierazi digute frantziskotarrek baina Markel Olanoren presentzia konfirmatzeko zegoen oraindik. Dena den, Olanok, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen aurreko legealdian ez zuen hutsik egin Arantzazuko Amaren egunean.

  Mikel Biain alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean. 11.45 inguruan izango da hori, eguerdian meza nagusia hasiko baita. Eusko Jaurlaritza eta Diputazioko ordezkariak Jose Inazio Munilla gotzainak zuzenduko duen elizkizunera joatea aurre ikusten da.

  Meza aukera zabala izango da bihar Arantzazun: eguneko lehena, 10:00tan izango da eta 12:00tan, esan bezala, meza nagusia. 13:30etan, elizkizuna gazteleraz izango da eta 18:30tan, eguneko azkena.

  Presoen senideek eskatuta bestalde, urteroko moduan, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da, 11.30tatik meza nagusia amaitu arte.

  Baina herritarrak izango dira nagusi bihar Santutegi inguruan, batzuk oinez eta beste batzuk autoz edo autobusez igoko dira. Parrokiak antolatutako peregrinazioa, goizeko 7:00etan abiatuko da eliza ondotik eta 8:00etan, Zapata parean, frantziskotarrekin bat egingo du. Hortik gora, otoitzean jarraituko da.

  Ohikoa denez bestalde, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da. Bi autobus jarriko dira eta 8:30etatik 15:30etara autobusak  30 minuturo irtengo dira Arantzazurantz eta Oñatirantz. Jendea pilatuz gero 5-10 minutuko atzerapenak izan daitezkeela jakinarazi dute zerbitzuaren arduradunek. Bihar herri mailako jai eguna dela kontutan hartuta, ez da aparteko jendetzarik espero, baina badaezpada, Santutegi inguruko aparkaleku guztiak beteko balira, Arantzazurako errepidea itxi egingo dela ere jakinarazi dute Udaltzaingotik. Hori gertatzen bada, igotzeko modu bakarra autobusa izango da.

Iturria: Oñati Irratia

2014ko irailaren 9a (Iturria: Goiena)