Eusko Jaurlaritzak milioi bat euroko dirulaguntza bideratuko du Larrañako aterpetxera

2019/05/29
Card image cap
Jaurlaritzaren atzoko bileran hartu zen erabakia

  Onartu berri den milioi bat euroko dirulaguntza CEAR Euskadiren esku utziko du Jaurlaritzak, Oñatin kudeatzen duen Larrañako lehen harrerarako aterpetxean dauden pertsonen beharretarako. Atzo onartu zen diru ekarpena nazioarteko babesa eskatu baina hartarako tramitazioa oraindik osatu ez duten etorkinen beharretara zuzenduko da. Hauek ez baitira sartu oraindik bidean dauden migranteentzako ohiko laguntza-sareetan.

  Larrañako aterpetxea asilo eskatzaileentzat irekitzako ekimena Eusko Jaurlaritzak berak hartu zuen, diru sostengua bere gain hartuz. CEAR Euskadik kudeatzen du aterpetxea, Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiarekin elkarlanean. Iazko urrian zabaldu zenetik 132 laguni egin zaie harrera Larrañako aterpetxean. 27 nazionalitate ezberdineko erabiltzaileak izan dituzte bertan, gehienak afrikarrak: Ginea-Conacry, Kamerun eta Boli-kostatik etorritakoak. Orokorrean, 20-30 urte bitarteko gizonezkoak dira Oñatiko aterpetxean daudenak baina bikoteren bat eta adin txikikoak dituzten familiaren bat ere izan da. Guztiek, hori bai, asilo eskaera bideratzen duten bitartean, behin behineko bizitoki dute Oñati eta Larraña aterpetxea. Kontu egin behar da nazioarteko asilo eskaeren tramitazioak 6 eta 15 hilabete arteko epea hartzen duela. Une honetan, 84 asilo eskatzaile daude Larrañan.

  Gure artean dauden bitartean osasun arreta jasotzen dute Osakidetzaren koordinazioan, laguntza juridikoa ere badute eta ekintza ezberdinak egiten dituzte: gaztelera ikasi, herriko hainbat boluntarioren laguntzaz; formazio akademikoa osatu Helduen Heziketarako Zentroaren eskoletan parte hartuz, edota elkartasun lanetan lagundu Hermansoloña eta Hotz Oñati elkarteei.

  Eusko Jaurlaritzak 235.000 euroko partida berezia onartu zuen pasa den azaroan Larraña aterpetxean daudenen beharretara zuzenduta eta atzo, beste milioi bat euro bideratzeari argi berdea eman zion.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!