Eusko Ikaskuntza eratu zuten instituzioek babesa berretsiz ofizialki hasi da erakundearen mendeurrena

2018/03/15
Card image cap
Ekitaldi nagusia azaroan Oñatin egingo den Kongresua izango da

  Bilboko Foru Aldundian, 1918an bezala, bildu ziren atzo Nafarroako gobernua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldudietako ordezkariak adierazpen instituzional bateratua egiteko, orain 100 urte eratu zuten Eusko Ikaskuntzarekiko konpromisoa berretsiz. Sinbolismoz betetako protokolo ekitaldi horrek hasiera ofiziala eman zion Eusko Ikaskuntza erakundearen Mendeurrenari.

  Aurki abiaraziko dute efemeridea ospatzeko antolatutako egitaraua eta horren berri eman zuen Xabier Alkortak, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Batzorde Antolatzaileko lehendakariak. Datozen hilabeteotan, besteak beste, aitortza egingo diete 1978an erakundearen pizkundearen protagonista izan zirenei, eta liburu bat argitaratuko dute, Euskal Herriaren azken ehun urteetako historiaren inguruan. Gainera, antzezlan bat estreinatuko dute.

  Ekitaldi nagusia, ordea, udazkenean egingo da azaroaren 23an eta 24an Oñatin. Erakundearen 18. kongresua antolatzen ari dira egun horietarako, Geroa Elkar-ekin izango du izenburu. Gainera, ekitaldi instituzional bat egingo da herrian, eta, bertan, agintariak, Eusko Ikaskuntzako kideak eta euskal gizarteko hainbat ordezkari bilduko dituzte. Apirilean aurkeztuko dute ofizialki kongresua. Baina jakinekoa da aurrez Baionan, Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Donostian landuko diren bost gaien inguruko bilduma izango dela 18. kongresu hori; gizartea; euskara; aniztasuna, kohesioa eta kultura; garapen sozio-ekonomikoa eta lurraldearen gobernantza izango dira Oñatin jorratuko diren bost gaiak.

  Eusko Ikaskuntzak bi urte daramatza gogoeta prozesuan, alor ugaritan. Diziplina desberdinetako profesional eta adituek hartu dute parte bide horretan, eta emaitzak eztabaidagai izango dituzte Oñatiko kongresuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!