Euskarazko Tertulixan saioa online egingo da gaur arratsaldean

2020/04/17
Card image cap
Literaturari buruzko hitzaldi irekiak antolatu dira datorren asterako

  Irakurle talde ezberdinen jardun bateratuak online egiten ari dira Udal liburutegiak antolatuta. Gaztelerazko taldearen lehen saioa egin zen pasa den ostegunean eta esperientzia ona izan zela ikusita, psikologia gaiak lantzen dituen taldearen saioa burutu zen asteartean. Euskarazko irakurketa taldearen hitzordua bakarrik falta da hileroko jardun bateratuak osatzeko eta hori gaur arratsaldean izango da, 17:30tan. Castillo Suarezen Irautera liburuaz arituko dira, Yurre Ugartek dinamizatuta. Tertulixan saioa 17:30tan hasiko da baina partaideei 15 minutu lehenago konektatzen hastea eskatzen zaie, gerta litezkeen arazoak garaiz konpontzeko. Elkarrekin konektatzeko aukera ezberdinen berri eman du liburutegiak sare sozialen bidez. Jitsi Meet aplikazioa erabiliz ari dira online saio hauek egiten.

  Datorren astean berriz, hitzaldi irekiak izango dira, horiek ere online. Datorren osteguna, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela ospatzeko online hitzaldi irekiak antolatu dituzte Yurre Ugarte eta Ivan Repilarekin.  Repilaren saioa apirilaren 22an izango da eta bizi dugun garaiarekin lotuta Autores y personajes en cuarentena: una mirada lúdica al confinamiento en la literatura izeneko saioa egingo du. Apirilaren 23an berriz, Yurre Ugarteren txanda izango da eta idatzi duen komiki arrakastatsuaren inguruan arituko da: Literatura, komikia eta erresistentzia: Joana Maiz izeneko hitzaldian. Bi saioak 18:00tan hasiko dira eta irekiak izango dira, nahi duen orok entzun ahal izango ditu. Horretarako, https://meet.jit.si/OnatikoliburutegiaHitzaldia lotura klikatu beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!