Euskarari dagozkion gaiak nagusi izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/11/29
Euskararen Nazioarteko Egunari dagokion egitaraua eta Oñatiko nesken hitanoa jasotzeko proiektua aztertuko dira, besteak beste

  Astelehenean, abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna. Euskara eta euskal kultura sustatzeko Hezkuntza Mahaiak hainbat ekintza antolatu ditu, urtero moduan. Batxilergoko ikasleei zuzenduta antzerki emanaldia eta solasaldia izango da eta arratsaldean kantu saioa familia osoarentzat. Hurrengo egunean, afari tertulia ere izango da Idoia Torregarairekin. Eta Euskaltzaleen Topagunearekin elkar lanean Euskararen kriseilua egitasmoa martxan jarriko da herriko ikastetxeetan. Horren aurkezpena ere astelehen goizean egingo dela jakinaraziko zaie gobernu taldeko kideei arratsaldeko bileran.

   Udaleko Euskara departamentuak bestalde, egutegia egin ohi du urtero eta 2019koari buruzko xehetasunak ere arratsaldean azalduko dira. Ingoxonau! Oñatiko nesken hitanoa jasotzeko proiektuaren inguruko argibideak emango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean eta datorren urtean herririk herri ibiliko den 21. Korrikarekin hitzarmena sinatzeko proposamena aztertuko da.

  Hurretik, Oñatiko kultur ondarearen transmisioa bermatzeko egitasmoari jarraipena emanez kontratazio berria egitea eta Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren programaren ibilbide eta erronkak zertan diren azalduko da baita ere arratsaldeko bileran. Lan zerrendan, 53 gai jaso dira.

Iturria: Oñati Irratia