Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizun nagusiak datorren ostiralean izango dira

2016/11/24
Udala eta herriko ikastetxeak elkarlanean aritu dira egitaraua prestatzen

  Berez eguna abenduaren 3an den arren, aurreko eskola egunean bildu dira ospakizunak ikastetxeetako neska mutilek parte hartze zuzena izan dezaten.Izan ere, azken urteetako esperientzia arrakastatsuaren haritik aurten ere, herriko ikastetxeek elkarrekin antolatu eta ospatuko dute Euskararen Eguna. Antolakuntzan, udalak ere parte hartu du eta ikasle nahiz herritar orori zuzendutako  ekintzak egingo dira.

  Lehenengo hitzordua, hizlariaren egutegiak hala behartuta, datorren asteazkenean, azaroaren 30an beteko da. Ilunkara horretan afari tertulia izango da Jone Miren Hernandez EHUko gizarte antropologia irakaslearekin . Afalostean Bestelako begirada bat euskararen bideari: emakumeak euskararen zaintzaile zirenekoa gaiaz tertulia osatuko da. Afaria Makalena elkartean izango da aurten, 19:00tan hasita. Horretarako txartelak gaur arratsaldean salgai jarriko dira Txokolateixan, 12 eurotan eta ikasle eta langabetuentzat, 8 eurotan.

  Baina Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizun nagusiak, esan bezala, egunaren bezperan, abenduaren 2an bilduko dira. Eguerdian eta batxilergoko ikasleei zuzenduta, ANTZERKI-SOLASALDIA egingo da. Santa Ana aretoan Muxua antzezlana eskainiko da eta ondoren, aktoreekin solasaldi irekia izango da. Arratsaldean berriz,  15:00tan, Guk euskaraz abestia oinarri hartuta Lip Dub erraldoia egingo dute Lehen Hezkuntzako ikasleek plaza inguruko kaleetan. 16:30tan, GAUARGI taldeak girotutako dantzaldia hasiko da plazan. Deskuidoan eguraldi txarra balego, saioa, Gaztelekura aldatuko da. Eta eguneko egitaraua osatuz, 18:00etan FAMILIXAN KANTU SAIOA izango da. Euskal kantuak familia giroan abestuko dira eta partaideei txokolatea banatuko zaie, ikastetxeetako guraso elkarteek prestatuta. Era berean, ikasleek, euskararen aldeko mezua duten bizkotxo zatiak salduko dituzte euro baten truke.

  Aipatutako guzti horrezaz gain, herriko hiru ikastetxeetako ikaslez osatutako Komunikazio Talde bat ere arituko da lanean, Euskararen Eguneko ospakizunen berri Oñati Irratian, Kontzejupetik aldizkarian eta Goienan ematen.

  Aurten ere udalak, Euskaraz bizi nahi dut banderolak leihoetan jartzeko gonbidapena zabaldu du. Ikurra ez duenak udaletxean erosi ahal izango du 3 €ren truke, datorren astelehenetik aurrera.

Iturria: Oñati Irratia

Haur talde bat iazko ospakizunetan