Euskararen kale neurketarako behaketa gunea zabaldu egingo da

2016/07/15
Ugarkalde eta San Martin auzune berriak, datuak jasotzeko ibilbidean sartuko dira

  Bost urte pasatu dira jada aurreko euskararen kale erabilera neurketa egin zenetik eta Udala hasi da udazkenean egingo den hurrengo neurketa gertatzen. Horretarako, Soziolinguistika Klusterrarekin harremanetan jarri da neurketaren nondik norakoak zehazteko. Aurreko neurketetan erabilitako irizpide eta metodologia berbera erabiliko da oraingoan ere, baina behaketa gunea zabalduko da eta azken urteetan sortu diren Ugarkalde eta San Martin auzoneak, neurketa-ibilbidean sartuko dira. Horrela, San Lorentzo, Olakua, Errekalde eta herri-guneko kaleetan jendeak zein hizkuntza darabilen jaso ez ezik, aipatu bi auzo berrietan ere entzun eta jasoko da.

  Horretan datza euskararen ahozko erabilera neurtzeko ekintza. Datu hartzaile anonimoak behaketa gune ezberdinetan jartzen dira bertatik pasatzen diren herritarrek zein hizkuntzatan berba egiten duten jasoaz. Egutegi eta ordutegi ezberdinetan egiten da eta astegun nahiz asteburutan. Aurten, udazkenean egingo da baina ez da datarik zehaztu, lagina, ahalik eta errealena izan dadin.

  2016ko kale erabileraren neurketa hau egitearren, 4000 euro ordainduko zaizkio Soziolinguistika Klusterrari. Landa lana egin eta ikerketa koordinatu eta zuzendu ez ezik, bildutako datuen azterketa eta emaitzen aurkezpena egiteko ardura izango du Klusterrak.

Iturria: Oñati Irratia