Euskararen erabilerak gora egin du gurean, orain bost urte egin zen kale neurketarekiko

2017/03/06
Card image cap
Gazteen artean jaso den 15 puntuko igoera azpimarratzekoa da

  Tentuz hartu behar dira beti ere euskararen erabileraren inguruan lauzpabost urtean behin egiten diren kale neurketetako datuak; momentu eta leku konkretu batean bildu den taldearen hizkuntza erabilera puntuala baita. Baina 90 hamarkadatik modu sistematizatu batean egiten den neurketa den aldetik, joera orokorrak ikusi eta urte arteko konparazioak egiteko datu esanguratsuak eskaintzen dituzte.

  Udazkenean, iraila eta urriko 9 egunetan egin zen azken kale neurketa herriko hainbat gunetan. Datu orokorrak soilik eskuratu ditugu baina horien arabera, neurketa momentuan euskaraz ari ziren lagunak kasik % 66a zen, 2011ko neurketan ari zirenak baino ia bi puntu gehiago.

  Adinka banatuta, aipagarria da gazteen artean izan den igoera nabaria, 2011an baino 15 puntu handiagoa. 2011an % 78koa izan zen gazteen arteko euskara erabilera eta orduan azpimarratu genuen bereziki jaitsi zela, 2007an % 88a izan zelako. Baina orain bost urteko datua momentuko egoeraren araberako kasu puntualtzat jo genezake, azken neurketan, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 92,5a euskaraz ari zela jaso baita.

  Historikoki, 25 eta 64 urte artekoek osatzen duten helduen taldea izan da gurean euskara gutxien erabiltzen zutenak. 2011an berriz, adinekoen erabileraren maila paretsura igo ziren eta azken neurketan, igoerak jarraitu duela baieztatu da. Adinekoen artean aldiz, jaitsi egin da nabarmen neurketa egunetan euskaraz ari zirenen portzentajea. Urteen joanak berez ekarri duen egoera dela esan genezake, eskolatik euskaldundu diren gazteak helduarora iritsi eta helduak zahartzearen ondorio dira aipatu erabilera proportzioen igoera eta jaitsiera.

  2-14 urte bitarteko haurren artean berriz, ez da aldaketa nabaririk izan azken bi neurketetan. Baina haurren presentzia antzematen da helduen hizkuntza erabileran. Haurrak tartean direnean helduek euskara gehiago erabiltzen dute.

  Oraingoz eskuratu ditugunak 2016ko iraila-urria artean egin zen euskararen erabileraren inguruko kale neurketaren datu orokorrak dira. Lana egin duten Soziolinguistika klusterreko adituak aztertzen eta kontrastatzen ari diren datuak dira. Xehetasunak, apirila-maiatzerako jakinaraztea espero da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!