Euskararen erabilerak gora egin du bereziki gazteen artean Oñatin

2017/05/10
Card image cap
Udazkenean egin zen neurketaren emaitzak publikoki aurkeztuko dira arratsaldean

  Iazko iraila eta urriko 9 egunetan egin zen euskararen kale erabileraren azken neurketa gurean. Jasotako datuen arabera, neurketa momentuan berbetan entzun zirenen kasik % 66a euskaraz ari zen; 2011ko neurketan ari zirenak baino ia bi puntu gehiago. Adinka banatuta, aipagarria da gazteen artean izan den igoera nabaria, 2011an baino 15 puntu handiagoa. 2011an % 78koa izan zen gazteen arteko euskara erabilera, eta orduan azpimarratu genuen bereziki jaitsi zela, 2007an % 88a izan zelako. Baina orain 5 urteko datua momentuko egoeraren araberako kasu puntualtzat jo genezake, azken neurketan, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen % 92,5a euskaraz ari zela jaso baita.

  Historikoki, 25 eta 64 urte artekoek osatzen duten helduen taldea izan da gurean euskaraz gutxien erabiltzen zutenak. 2011an berriz, adinekoen erabileraren maila paretsura igo ziren eta azken neurketan, igoera horrek jarraipena izan du. Azken neurketan % 59,5 ari zen euskaraz. Adinekoen artean aldiz, jaitsi egin da nabarmen neurketa egunetan euskaraz jarduten zutenen portzentajeak. Urteen joanak berez ekarri duen egoera dela esan genezake, eskolatik euskaldundu diren gazteak helduarora iritsi eta helduak zahartzearen ondorio dira aipatu erabilera proportzioen igoera eta jaitsiera. 2-14 urte bitarteko haurren artean ez da aldaketa nabaririk izan azken bi neurketen inguruan. Bere presentziak ordea badu eraginik nagusien hizkuntza erabileran, haurrak tartean direnean helduek euskara gehiago erabiltzen baitute.

  Aipatutako datuak udazkenean egin zen kale neurketaren emaitza orokorrak dira. Datu hauek dena den, tentuz hartu behar dira momentu eta leku konkretu batean bildu den taldearen hizkuntza erabilera puntuala baita.  Baina 90 hamarkadatik modu sistematizatu batean egiten den neurketa den aldetik, joera orokorrak ikusi eta urte arteko konparazioak egiteko datu esanguratsuak eskaintzen ditu.

  2016ko iraila-urria artean egin zen euskararen kale erabileraren  neurketak emandakoak eta horietatik atera diren ondorioak arratsaldean aurkeztuko dira publikoki. Lana egin duen Soziolinguistika klusterreko Asier Basurtok egingo du aurkezpena, Euskadun berria aretoan 18:00tan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!