Euskara ikasi eta errotuluak edo web gunea euskaraz jartzeko dirulaguntzen deialdia egin da

2020/02/11
8.575 euroko partida du udaleko Euskara departamentuak laguntza hauetarako

  Zabalik dago jada udaleko Euskara departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea. Bi laguntza lerro dira: errotuluak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituzten entitateei zuzendutakoa, bata, eta euskara ikasten ari diren herritarrei zuzendutakoa, bestea.

  Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek urte akaberara arte izango dute udalaren dirulaguntza eskatzeko. Baina errotulu komertzial eta webgunetarako eskabideak, kartela jarri edo gunea aktibatu aurretik egin behar dira, hizkuntza aldetik testua zuzena dela ziurtatzeko. Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan dutenek aurkeztu ditzakete eskaerak.

  Euskara ikasteko dirulaguntzak berriz, Oñatin nahiz barnetegietan euskara ikasten ari diren herritarrek eskatu ditzakete. Ikastaroaren % 85eko aprobetxamendua egiaztatzen dutenek matrikula kostuaren erdia berreskuratuko dute laguntza gisa. Era berean, bigarren ikasturtez euskara ikasten jarraitzen dutenek, beste % 25eko laguntza osagarria jasoko dute jarraipen hori sarituz. Euskara ikasteko dirulaguntza, Oñatin erroldatuta daudenek eskatu dezakete. Ikastaroa bukatu eta hurrengo hilabetean aurkeztu behar dira eskaerak.

  Bateko zein besteko diru partidak batuta 8.575 euro izango dira guztira udaleko Euskara departamentuak kudeatzen dituen programen kontura emango diren laguntzetarako. Dirulaguntza eskaerak udaletxeko HAZ bulegoan egin behar dira.

Iturria: Oñati Irratia

Ipuin kontaketa saioa Euskaltegian