Euskaltzaleen Topagunearekin kontratu berria sinatuko du udalak Hurretik proiektuari jarraipena emateko

2019/07/03
Material didaktiko berria sortu eta herrira begirako ekintzak antolatuko dira

  Izan ere, Oñatiko kultur ondarearen transmisioa bi norabide horietan lantzea erabaki baitzuen udalak Hurretik egitasmoa martxan jarri zuenean: ikastetxeetako curriculumean txertatuko den material sortzea eta eskolatik kanpora ere, gaia lantzeko dinamikak gauzatzea. Herri ondarearen  transmisioan herritarrek duten garrantziaz jabetu daitezen, eta transmisio eta ikaste prozesu horretan gizarte osoa inplikatu dadin, adina muga izan gabe. 

  Aurreko bi urteetan pertsona bakarrak egin ditu bi lanok, lan jardun erdiko dedikazioarekin. Datozen bi urteetan hala jarraitu edo ardura bakoitzerako pertsona ezberdin bat izendatzea eztabaidatuko dute udaleko eta Topaguneko ordezkariek, astelehenerako hitzartu duten bileran. Bide batez, Hurretik egitasmoa herrira zabaltzeko eta herritarrak inplikatzeko dinamikaz ere arituko dira, nondik nora jo eta bereziki nola egin, zehaztu behar baita. Beste lan ildoa, ikastetxeetarako material berria sortzearena, nahikoa zehaztuta dago jada.

  Aurreko bi urtetan LHko lehen ziklorako 8 unitate didaktiko sortu dira eta LH 3-6. maila artekoentzat materiala sortzea izango da hurrengo lana. Beste 8 unitate didaktiko sortuko dira datozen bi urtetan. Eta material hori eskolako curriculumean praktikan nola txertatu landuko da zuzenean irakasleekin, Topagunearen teknikariak hezitzaileak gidatuko ditu.

  Datorren asteleheneko bilera probestuko da gainera, Udalak eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko lankidetza kontratu berria sinatzeko.

  Urtarrilean erabaki zuen udalak Hurretik egitasmorako laguntza teknikoa kontratatzeko lizitazio berria abiatzea. Hartarako zehaztu zen epean eskaintza bakarra aurkeztu zen, lehendik jada lan horretan jardun zuen Euskaltzaleen Topagunearena. Eta egitasmoari jarraipena emateko proposatzen zuen memoria txostena ontzat emanda, kontratua beraiekin sinatzea erabaki zen ekaina amaieran.Kontratu berriak bi urteko iraupena izango du eta aurrekontua berriz, 55.288 euro gehi BEZa izango da.

Iturria: Oñati Irratia