Euskaltzaindiaren mendeurreneko bi kultur ekitaldi Oñatin izango dira

2018/10/01
Card image cap
Irakurraldi dramatizatua eta kontzertua izango dira ostegun eta ostiralean, Arantzazuko biltzarraren harira

  Bost kultur egitasmo prestatu dira Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko eta horietatik bi Oñatin, Arantzazun izango dira datozen egunotan; Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Kruz Gurrutxaga aktoreak irakurraldi dramatizatua eskainiko dute ostegunean eta Euskeria abesbatzak emanaldia egingo du ostiralean.

  Arantzazutik mundu zabalera: 1968-2018 biltzarraren testuinguruan aurkeztuko dute Bernardo Atxagak eta Jose Kruz Gurrutxagak Euskal literatura zaharrari buruzko hitzaldia Martuteneko kartzelan ikuskizuna. Zer gertatuko litzateke Martuteneko kartzelako presoek Etxepare, Axular edota euskal klasikoen beste testu batzuk irakurriko balituzkete? Galdera horri emandako erantzuna ei da Atxagak eta Gurrutxagak gertatu duten irakurraldi dramatikoa. Arantzazun ostegunean eskainiko da, 19:30tan. Hurrengo egunean berriz, ordu berean, Mende berria kantuz ikuskizun ibiltaria Arantzatzun estreinatuko du Bilboko Koral elkarteko Euskeria gazteen abesbatzak. Euskal taldeen bertsio koralak egingo dituzte.

  Euskaltzaindiaren mendeurreneko kultur egitaraua osatuz, Tartean antzerki konpainian Ghero antzezlana sortu du, Aukeran dantza taldeak Biz Hitza ikuskizuna eta Astelehen eta Astearte Buruzuriak kontzertu zikloak egingo dira Bilbon eta Donostian.

  Euskaltzaindiak biltzarra egingo du urriaren 4tik 6ra Arantzazun, euskara batuaren urteurrena ospatu eta etorkizunera begira jartzeko helburuz. Arantzazutik mundu zabalera:1968-2018 biltzarrak lan bilera eta eztabaidak ez ezik, kultur hitzorduak ere ekarriko ditu Oñatira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!