Euskaltegiko 18 ikaslek matrikularen laurdena jasoko dute dirulaguntza gisa, euskalduntzeko ahaleginaren sari

2019/02/11
Euskaltegiko matrikula baten zozketa ere egin da

  Udaleko Euskara zerbitzuak kudeatzen dituen dirulaguntzetako batzuk dira euskaltegiko ikasleei zuzendutakoak. Euskara ikastaroetan parte hartu eta % 85eko aprobetxamendua egiaztatzen duten ikasleei matrikularen erdia berreskuratzeko aukera ematen zaie. Eta hurrengo ikasturtean euskara lantzen jarraitzen dutenek gainera, beste % 25eko dirulaguntza jasotzen dute. Halako 18 kasuren berri eman berri dute udal euskaltegiko arduradunek eta guztiei dagokien laguntza emango zaie, beraien burua euskalduntzeko egiten duten ahaleginaren sari gisa.

  Urtero, gainera, euskara ikasi eta hobetzera animatzeko helburuz, matrikula doan eskuratzeko aukera eskaintzen du euskaltegiak, zozketa bidez. Amaia Sologaistoa ikaslea izan da zorteko, eta 2018-2019 ikastaroko matrikula kontzeptuan ordaindu zuen dirua itzuli egingo zaio.

  Euskara ikasleei zuzendutako dirulaguntza hauezaz gain, udaleko Euskara departamentuak beste bi laguntza eman ohi ditu: Oñatin egiten ari den aisialdiko begirale ikastaroan dihardutenei zuzendutakoa, batetik, eta errotulazioa edo web gunea euskaraz jartzen duten entitateei zuzendutakoa, bestetik.

  Urrian hasi zen aisialdiko begirale ikastaro berria Oñatin eta ikasturte hasieran adierazi zenez, herrian erroldatuta egon eta % 90eko asistentzia egiaztatzen dutenei, udalak, diru laguntza emango die. Diru laguntza hau, matrikularen % 75a izango da langabetu edo ikasleen kasuan eta % 50a gainontzekoentzat. Aisialdi begirale ikastaroa egiten ari direnek diru laguntza, ikastaroa amaitu eta hilabeteko epean eskatu beharko dute.

  Udaleko Euskara zerbitzuak duen beste dirulaguntza lerroa errotuluak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituzten entitateei zuzendutakoa da. Errotuluak, irudi korporatiboa edota web gunea euskaraz jartzen duten entitateek, urte akaberara arte izango dute dirulaguntza eskatzeko. Eskaera, Oñatin helbide fiskala duten pertsona fisiko edo juridikoek eta bere jarduera ekonomikoa Oñatin dauden lokaletan egiten dutenek ere aurkeztu dezakete.

  Urtarrileko azken Tokiko Gobernu Batzarrean onartu zen Euskara zerbitzuaren kontura aurten emango diren dirulaguntza hauek baina deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eskatu ahal izango dira. Guztira, 14.575 euro izango dira aurten laguntza lerro ezberdinetan banatzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Euskaltegiko ikasle talde bat