Euskal literatura eta kultura kontsumitzeko ekimen bereziak abiatu dira

2015/11/13
Card image cap
Eusko Jaurlaritzak “Liburu Txartela” sustatu du eta Foru Aldundiak, Gipuzkoa kultura bonoak

  Jaurlaritzako Kultura sailak eta Euskadiko liburu denden elkarteak Liburu Txartela bonoa atera dute irakurzaletasuna sustatzeko. Hala, Euskal Herriko idazleek euskal argitaletxeekin argitaratutako euskarazko edo gaztelerazko liburuetan 30 euroko erosketa eginez gero, 12 euroko balioa daukan Liburu Txartela jasoko da opari, kanpainarekin bat egin duen edozein liburu dendetan. Oñatin, Haritza Liburu dendan egin du ekimenarekin bat.

  Aipatu liburu txartela eskuratu eta erabiltzeko azken eguna, abenduaren 9a izango da. Aipagarria da, liburu txartela, kanpainarekin bat egin duen edozein liburu dendetan erabili daitekeela, alegia, ez dela beharrezkoa txartela eskuratu den dendan bertan erabiltzea.

  Oñatin, Haritza da Liburu Txartela kanpainara atxiki den bakarra baina eskualdean, Bergara eta Arrasateko Elkar liburu dendek ere bat egin dute ekimenarekin.

  Zabalik dago bestalde, Foru Aldundiak aurten estreinako aldiz sustatzen duen kultura bonoak ekimenera atxikitzeko epea. Parte hartu nahi duten denda eta erakundeek, atxikipen eskaera bete behar dute hilaren 19a bitartean. Horretarako, eta kultura bono hauen iragarpena eginez asteartean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen izen emate orria bete behar da.

  Foru Aldundiak 220.000 euroko aurrekontua onartu du kultura bonuen egitasmoa gauzatu ahal izateko.
Kultura produktuak edo ikuskizunetarako sarrerak erosteko bonuak berezitu dira. Liburu eta ikus-entzunezkoak erosteko 7000 bonu kaleratuko dira. Herritarrek 20 eurotan eskuratuko dituzte baina 30 euroko ordainbalioa izango dute. Ikuskizun eta emanalditara joateko berriz, 10.000 bonu  eskainiko dira. Hauek 25 euro balioko dute baina 40 euroko balioarekin erabiliko dira ikuskizunetarako sarrerak erosteko.

  Bonuak erosteko kanpaina berriz, abenduaren 4an hasiko da. Eta bitartean, azaroaren 19ra arte, atxiki nahi duten denda eta erakundeek hartarako eskaera bete behar dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!