Euskadi Etorbideko autobus geltokia Aita Lizarralde kale ingurura aldatzeko baimena eman berri du Diputazioak.

2012/05/14
Aldaketa, uda aldean egin asmo da. Geltoki aldaketa honen helburua autobusa herri gunetik ateratzea da.

  Gaur egun, lineako autobusek bi geltoki dituzte herrigunean: Posta bulego aurrealdean bat eta Euskadi Etorbidean bigarrena.

  Batetik bestera joateko herri barruko kaleak zeharkatu behar dira. Ibilbideko kaleetan hainbat estugune arriskutsu daude. Horri, gaizki aparkatuta uzten diren autoak batu ezkero, guztiok inoiz ikusi ditugun trafiko arazoak sortzen dira. Guzti horren ondorioz, autobusak atzeratu egiten dira, trena edo beste autobus batzuk hartzeko zailtasuna eraginez edota medikura eta beste zita batzuetara berandu iritsiz.

  Udaleko hirigintza departamentuak, aukera ezberdinak aztertu zituen eta egokiena, autobusak herri gunea zeharkatu ordez saihesbidetik bideratzea zela ikusi zen.

  Aldaketa egin ahal izateko ordea, Foru aldundiaren baimena behar zen, Aita Lizarralde kalea Gi 2630 errepidearen zati baita eta jabetza diputazioari dagokio. Horretarako baimena jaso berri da. Baimen mugatua dena den, 8 urterako. Behin epe hori beteta, baimena berritu edo egiten diren instalazioak kendu beharko direla jakinarazi baita.

  Baina Donostiatik baimena jasota, orain geltoki berrien kokalekua eta ezaugarriak zehaztu behar dira.
Olakua aldera doazen autobusentzako geltokia, Aita Lizarralde kalean dagoen transformadore aurrealdean edo egitea pentsatu da. San Lorentzotik Zubillaga eta San Prudentziorantz doazenentzat berriz, Kalegoiena inguruan aurre ikusten da. Zer nolako markesina edo estalki jarri ere zehazteke dago. Edonola, lanak ahalik eta azkarren egin asmo dira, aldaketa uda aldean gauzatzeko.

  Hortik aurrera, autobusa ez da herri gunean sartuko. Posta bulegoko geltokitik saihesbidera irtengo da berriro. Edo San Lorentzo aldetik doanean, Kalegoiena inguruan geratu ondoren, bariantera irtengo da.
Guzti honek, Euskadi Etorbidean egun dauden bi autobus geltoki desagertzea ekarriko du.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!