Europar parlamentua berritzeko hauteskunde kanpaina gauerdian hasiko da.

2014/05/08
Propaganda kartelak itsasteko herriko sei gune izendatu dira. Hartarako panelak egunean zehar jarriko dira.

  Europar parlamenturako hautagaitzak ohikoak baino gehiago diren arren, 39 hautagaitza guztira, hauen propagandarako panelak aurreko hauteskundeetan baino leku gutxiagotan jarriko dira. Propagandarako sei gune izendatu dira herrian eta horietako bostetan ari dira kartelak itsasteko panelak jartzen. Foruen enparantzako zutabeek osatzen dute propagandarako lehen gunea baina hemen ez da aparteko panelik jartzen eta alderdiek, beren kartelak, zuzenean eransteko aukera dute. Beste bost gunetan bai, panel bereziak jartzen ari dira jada udal brigadako langileak: Bidaurretako monastegiko ortuko horman, Bidaurretako errotonda ondoko hesian, Portu kalen, Galartzaneko etxeko hesian, Kultur Etxeko lorategiko horman eta aurten lehen aldiz, Kiroldegiko berdeguneari eusten dion horman. Gune bakoitzean 11na panel jarriko dira.

  Gauerdian hasiko da ofizialki Europar parlamenturako hauteskunde kanpaina.

  EH-Bilduk hiru ekitaldi antolatu ditu gurean. Astelehenean, herrialdeko ekitaldia izango da Foruen Enparantzan arratsaldeko 7etatik aurrera. Hilaren 21ean, berriz, hitzaldia emango da kultur etxean, gaia: “segurtasuna versus herritarren eskubideak” izango da. Eta kanpaina amaitzeko, maiatzaren 23an, herri mailako ekitaldia egingo dute Ona taberna pareko plazatxoan.

  Horrezaz gain, posta bidezko botoa tramitatzen laguntzeko mahai berezia jarriko dute EH Bildukoek kultur etxean, gaur eta datorren astearte eta ostegunean, goizez, 10.30tatik 12.30tara eta arratsaldez, 5.30tatik 7.30tara.

  Oñatiko EAJk ere, egunak daramatza posta bidezko botoa tramitatzen laguntzen. Astelehenetik ostiralera Batzokian izaten dira, goizeko 11.30tatik 12.30tara eta arratsaldeko 6etatik 7.30tara. Batera edo bestera joan gabe, posta bulegoan ere posta bidezko botoa eskatu daitekeela. Baina erabiltzen duzuen bidea erabilita, gogoan hartu, eskaera egiteko azken eguna datorren osteguna, hilaren 15a izango dela.

  Europar Parlamentua berritzeko hauteskunde eguna, bestalde, maiatzaren 25a izango da.   

Iturria: Oñati irratia