Europar Parlamentua berritzeko hauteskunde egunean, boto mahaitan egon beharko duten presidente, bokal eta hauen ordezkoak izendatu dira.

2014/04/28
Udaltzainak, hasi dira jakinarazpenak banatzen.

  Izendapen hori, aplikazio informatiko baten bidez egiten da. Ordenagailuak, alaitzean, hauteskunde mahai bakoitzeko karguak banatzen ditu. Zapatu goizean egin zen zozketa hori udaletxean eta guztira, 90 herritarri dagozkien zenbakiak atera ziren. 10 izango baitira maiatzaren 25ean Oñatin irekiko diren hauteskunde mahaiak eta bakoitzerako 9 herritar izendatu behar dira, hau da, presidente eta bi bokal eta bakoitzari dagozkion bina ordezko.

  Zapatuan bertan bakoitzari dagokion izendapen agiriak gertatu ziren eta atzo jada banaketa egiten hasi ziren. Udaltzainak izan ohi dira agiria eskura, norberaren etxera joanda eramaten dutenak.

  Hauteskunde mahaiko presidente, bokal edo ordezko izateko izendapena jasotzen dutenek, ezintasunen bat alegatu nahi badute, agiria jaso eta 7 eguneko epea izango dute hartarako. 

  Zabalik dago bestalde, botoa postaz emateko eskaera epea. Eskaera hori, edozein postetxetan egin daiteke, Nortasun agiria aurkeztuz. Baina zenbait alderdik ere, tramite hori betetzen laguntzen dute, eta Oñatiko Euzko Alderdi Jeltzaleak, horretarako propio, bulegoa egunero irekitzen duela jakinarazi digu, goizeko 11:30etik 12 eta erdietara eta arratsaldeko 6etatik 7:30era.

  Hauteskunde egunean, botoa zuzenean emateko zailtasunak dituztenek, postaz eman dezakete. Baina horretarako eskaera, maiatzaren 15a baino lehen tramitatu behar dute.

  Ikusmen urritasuna dutenek berriz, botoa Braillie sistema erabiliz eman dezakete baina horretarako ere eskaera egin behar da eta gaur justu amaitzen da Braillie botoa eskatzeko epea.

Iturria: Oñati irratia